Izenek bizi propioa daukate, eta gizartearen aldaketen ispilua dira. Non daude 1980ko hamarkadan non-nahi zeuden Garbiñe, Zuriñe eta Eguzkiñe haiek? Horietako asko gaurko Ane, Laia, Julen eta Ibaien amak dira.
Espainiako Estatistika Institutuak 2019. urtean jaioberriei jarritako izenik arruntenen —edo arrakastatsuenen— zerrenda argitaratu du. Izenetako batzuek aurreko urteetan irabazitako postuari eusten diote. Baina badaude orain arte gutxi entzundakoak ere.
Julen da nagusi Hego Euskal Herrian, mutilen artean. Denera, 10.689 mutiko jaio ziren 2019. urtean, erakundearen datuaren arabera, eta horietako 182ri Julen jarri zieten gurasoek.
Bigarren postuan dago Ibai (172), eta hirugarrenak dira Markel izenekoak (171).
Nesken artean, Ane da lehena, alde handiarekin (219). Izan ere, bigarrena Irati da, eta 152 neskari jarri zieten izen hori. Nahia da hirugarren (148), eta Laia hurrengoa (127).
Mutilengana itzulita, Oihan da laugarrena (154), eta hurrengoak klasikoak dira: Jon (150), Aimar (143), Martin (122) eta Ander (114).
Bosgarrena, ordea, harrigarriago suertatuko zaio askori: 122 mutikori Izei jarri zieten iaz. Izen hori lekua irabaziz joan da azken urteotan: Gipuzkoan ez zen agertzen ohikoenen zerrendetan 2016tik 2018ra, baina Bizkaian eta Araban azkar igo da. 2018ko estatistiketan, laugarren postuan zegoen Bizkaian, Markel, Jon eta Anderren ondoren, Eustaten datuen arabera.
Eta nesken artean, berriz, Sara (122), June (119) eta Nora (114) datoz gero.
Eboluzioa
2018ko izendegiarekin alderatuta, ikusten da izen batzuek eusten diotela gurasoen bihotza irabazteko lehiari: Ane eta Irati eta Ibai eta Markel izan ziren nagusi orduan. 2018tik 2019ra Unax izena erori da zerrendatik, baita Izaro, Uxue eta Malen ere, besteak beste.
2010eko estatistiketan ere Ane zen nagusi nesken artean, eta Iker mutilen artean.