EUSKAL PRESOAK

Guardia zibil batek euskal preso bat eta haren alaba mehatxatu zituela salatu du Etxerat-ek

«Zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait» esan ziela adierazi du euskal presoen senideen elkarteak

Bi guardia zibil Etxalarren ( Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 17a
13:05
Entzun

«Zuri eta zure alabari tiro bat emateko gogoa jartzen ari zait». Mehatxu hori egin zien atzo Guardia Zibilaren agente batek, pistola bat eskuetan zuela, Beatriz Etxeberria Caballero presoari eta bere bi urteko alabari, Etxerat euskal presoen senideen elkarteak ohar batean salatu duenez.

Etxeberria Caballero eta haren alaba Aranjuezko espetxean (Espainia) daude kartzelatuta, eta, Etxerat-en arabera, atzo ospitale batera eraman zituzten, haurrari bi kontsulta mediko egin behar zizkiotelako. Etxeberria Caballeroren senideek Etxerat-i jakinarazi diotenez, bigarren kontsultara sartu zain zeudenean mehatxatu zituen guardia zibilak. Une horretan, kontsulta bertan behera uztea deliberatu zuen euskal presoak, eta medikuari jakinarazi zion. Erabaki hori hartu zuen, Etxerat-ek adierazi duenez, alabaren segurtasuna ezin zuelako bermatu eta mehatxuetatik aldentze aldera.

Presoen senideen elkartearen ustez, «onartezina» da gertatu zena. «Mehatxu horiek are larriagoak dira, bi urte eskaseko haur baten aurka izan direlako». Etxerat-entzat, «haurrak eta adingabeak, euskal presoen seme-alabak edo senideak, egoera ahulean daude hainbat motatako eraso eta hertsapenen aurrean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.