Udan haur eta gazteen aisialdiko jarduerei berriz ekitea arautzen duen agindua sinatu du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak. Jakinarazi du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako begiraleek prebentziorako ikastaro bat egin beharko dutela: «Monitoreei prestakuntza berezia eta eguneratua emango zaie COVID-19aren aurreko prebentzioaren eta babesaren inguruan». Horretarako, online bidezko prestakuntza ikastaro bat antolatu dute, eta izena emateko epea gaur bertan irekiko da, Gazteen Euskal Behatokiaren bitartez. Guztira mila izen emate onartuko dituztela azaldu du, eta asmoa dela ikastaroa ekainaren 25ean egitea, arratsaldez. Halere, aisialdiaz arduratzen diren erakundeei eta elkarteei esan die zilegi dela norbere prestakuntza saioak antolatzea ere.
Eguneko udalekuak eta gaua pasatzekoak egiteko aukera egongo da, baina horietan neurriak hartzea «ezinbestekoa» izango dela ohartarazi du Artolazabalek. Parte hartzaileen kopuruari dagokionez, ohiko edukiaren %60 onartuko da, besteak beste. Hala ere, jarduera horiek aire zabalean eginez gero, gehienez berrehun pertsona egon ahalko dira, eta espazio itxietan laurogei, begiraleak barne. Jarduerak egin bitartean, berriz, parte hartzaileak, gehienez, hamabost pertsonako taldeetan banatuko dira, eta hor ere monitoreek barne egon beharko dute. Are, jantokiak irekitzeko aukera ere eman dute; jantoki itxietan bi metroko distantzia egon beharko da pertsonen artean, txandak ezarri beharko dira edo manparak jarri; jantoki irekietan, berriz, metro eta erdiko distantzia ezarriko da eta pertsona bakoitzak bere plateretik jan beharko du.
Gaua igarotzea posible den udalekuetan gogoan izan beharko dira aurrez azaldutako arauak, baina baita lo egiteko neurriak ere. Lo egiteko tokian ohatzeak egonez gero, pertsona bakarrak egin ahalko du lo horietako bakoitzean, eta okupatuta dauden oheen artean bi metroko tartea mantendu beharko da. Kanpin dendetan ere berdintsu. Hain zuzen, denda bakoitzean pertsona bakarrak egin ahalko du lo, eta parte hartzaileak elkarrekin bizi badira biak batera egon daitezke. Denda batean gelaxka bat baino gehiago baldin badago, berriz, guztiak erabiltzeko aukera egongo da, baina ostean garbitu eta egurastu egin beharko dira.
Osasun egoerak iraun bitartean erakundeek eta elkarteek egindako lana goraipatu du Artolazabalek: «Aisiako eta astialdiko mugimenduaren bidez egiten ari diren inplikazioa eta hezkuntza lana funtsezkoa izaten ari da ume eta gazte askoren garapenerako». Gehitu du arauak ere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiek, udalen sareek eta aisialdiko erakundeek egindako ekarpenetatik osatu dituztela, betiere Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak ezarritako protokoloak oinarri hartuta.