Txina

Pekinen 79 koronabirus kasu baieztatu dituzte, azken agerraldiarekin lotuta

Agintariek adierazi dute agerraldia Txinako hiriburuko Xinfadi azokan sortu dela. "Gerra egoeran" baleude bezala jokatzera deitu dituzte herritarrak, COVID-19 gaitza herrialdean hedatu ez dadin.

Xinfadi azokatik gertu bizi diren edo azken egunetan azokan izan diren herritarrak, gaur, COVID-19aren azterketa egiten, Pekingo Guang'an kirol zentroan. STRINGER, EFE
2020ko ekainaren 15a
13:44
Entzun

Baieztatutako kasuak ugaritzen ari dira Pekinen. Hiriburuko udal gobernuaren azken datuen arabera, gutxienez 79 pertsona atzeman dituzte koronabirusarekin kutsatuta azken egunetan, Pekingo Xinfadi elikagai freskoen azokako agerraldiarekin lotuta. Igandean, beste 36 kasu baieztatu zituzten.

Xu Ying udal gobernuko funtzionarioak hedabideei adierazi die Pekin «salbuespen egoeran» sartu dela, eta komunitateek "gerra egoeran" baleude bezala jokatu behar dutela birusarekin kutsatzea eragozteko. Azaldu duenez, ehun mila langile 7.120 bizilagun komunitate ikuskatzen ari dira. Horrez gain, Xinfadi azokan azken egunetan izan diren herritarrei probak egiten ari zaizkie, kutsatuta dauden ala ez argitzeko. Xinfadikoa da hiriburuko azokarik garrantzitsuena. 112 hektarea, 1.500 langile eta baimendutako 4.000 postu baino gehiago ditu. Itxita dago larunbataz geroztik. Igandean, 75.000 laguni baino gehiagori egin dizkiete probak, eta 59k emaitza positiboa eman zuten.

Agerraldiaren jatorria zein den ez dago argi oraindik. Oraingoz, jakina dena da arraina mozteko taula batean atzeman zela lehenengoz, izokina saltzen duen azokako postu batean. Yan Peng epidemiologoaren esanetan, aurretiko ikerketa batek adierazten du birusa Europatik inportatu duela Txinak. Hala ere, zientzialariek jatorria zehazteko denbora gehiago behar dutela gaineratu du.

Birusa hiriburutik beste hiru probintziatara hedatu da. Lianoning —ipar-ekialdean—, Hebei —iparraldean— eta Sichuan —hego-mendebaldean— probintziek Xinfadi azokako agerraldiari lotutako kasuak baieztatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.