Koronabirusa

Murga: «Birusa gurekin bizi da; hurbiltasuna aurkitzen badu, transmititu egiten da»

Jaurlaritzako osasun sailburuak jakinarazi du Basurtuko ospitalean beste hiru kasu erregistratu direla eta Txagorritxukoan lau, baina egoera "kontrolpean" dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zortzi positibo berri erregistratu dira azken orduetan.

Basurtuko ospitalearen atarian COVID-19aren probak egiteko karpak ezarri dituzte. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko ekainaren 15a
13:26
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur eguerdian, COVID-19aren azken berriak emateko. Jakinarazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan egoera «ona» da, baina garrantzitsua da neurriak betetzea. Haren arabera, azken egunetan Bilboko Basurtuko eta Gasteizko Txagorritxuko ospitaleetan atzemandako kutsatze foku berriak «arreta dei bat» izan dira, eta oraindik «erne» egon behar da: «Birusa gurekin bizi da; hurbiltasuna aurkitzen badu, transmititu egiten da».

Emandako datuen arabera, guztira 4.281 PRC proba egin dizkiete Basurtuko ospitaleko langileei, pazienteei, ingurukoei eta bisitariei, eta orain arte 41 kasu erregistratu dituzte, atzo baino hiru gehiago. Kasu berrietatik bat langilea da, eta beste biak, bisitariak. Txagorritxuko ospitalean, Murgak azaldu duenez, 240 PRC proba baino gehiago egin dituzte, eta horietatik hamahiruk eman dute positibo. Azkeneko kasuetan bat langilea da, bi pazienteak eta beste bat ingurukoa edo bisitaria. «Bi ospitale horietako egoera kontrolpean dago; egon daitezke kutsatze gehiago, baina detekzio goiztiarrak eta bakartze neurriek transmisioa eten dute», gehitu du osasun sailburuak.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eguneko datuei dagokienez, azken orduan beste zortzi kasu erregistratu dira: hiru Araban, lau Bizkaian eta bat Gipuzkoan. Beste lau pertsona hil dira, eta zainketa intentsiboetako unitateetan hemezortzi lagun daude. Arrasateko (Gipuzkoa) Aita Menni ospitalean ez da kasu gehiago erregistratu.

Bainu denboraldia

Osasun egoeraren berri emateaz gain, Murgak bainu denboraldirako neurriak ere gogoan izan ditu. Adierazi du erabilerak «arduratsua» izan behar duela, eta herritarren «eginkizun aktiboa» ezinbestekoa dela horretarako. Gomendio batzuk eman ditu. Besteak beste, azaldu du hondartzara joan aurretik beharrezkoa dela erabilera baldintzak ezagutzea, jendea pilatu ez dadin, besteak beste. Are gehiago, etxe berean bizi ez direnen artean bi metro utzi behar direla ere gaineratu du, hondartzan zein uretan, eta COVID-19arekin lotura izan dezaketen sintomak edukiz gero hondartzetara ez hurbiltzeko deia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.