Reala 1-1 Osasuna

Oreka isiltasunaren derbian

Realak eta Osasunak gol bana sartu dute, eta berdindu egin dute Anoetan jokatutako partidan. Bisitariak hasi dira irabazten, Adrianek penaltiz sartutako gol bati esker. Oiartzabalek sartu du Realarena.

Realeko Mikel Oiartzabal, Osasunako Darko Brasanac eta Nacho Vidalen artean. Eibartarra izan da txuri-urdinen golegilea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko ekainaren 14a
23:54
Entzun

Ezohiko giroa eta ohiko lehia izan da Realak eta Osasunak Anoetan jokatu duten derbian. Harmailetan ikuslerik ez zela, jokalarien oihuek soilik hautsi dute estadioko isiltasuna. Jokoari dagokionez, lege zaharreko derbia izan da, lehiatua, eta berdinketa izan da markagailuan. Zapore eskaseko emaitza izan da bientzat, partidaren joana ikusita.

Lehen zatian, Reala lotzen jakin du Osasunak. Iruindarrek baloia jokatuz ateratzea zaildu diete etxekoei, eta horrek min egin die. Donostiarrek baloi jabetza handiagoa izan arren, bi ateetatik urrun izan da hura. Realak izan du estreinako aukera argia, 25. minutuan Cristian Portuk egindako jaurtiketa gurutzatu batekin. 

Beste munduko ezer ez, baina partida apur bat bizitu da hurrengo minutuetan. Osasunak erasora egin du, eta jaso du saria. Robin Le Normandek eskuz ukitu du baloia, eta penaltia adierazi du epaileak. Adrian Lopezek ez du barkatu; astindu egin du baloia, eta Alex Remirok ezin izan du gelditu. 29. minutuan, aurretik jarri da Osasuna (0-1).

Ordutik eta atsedenaldira arte, bisitariek ez dute arazorik izan aldeari eusteko. Bigarren zatian gose handiagoz zelairatu da Reala, eta, nahiz eta Cardonak 0-2koa egiteko aukera izan duen 51. minutuan, etxeko taldeak hamar minutu geroago jaso du ordaina. Willian Joseren kontraeraso on baten ondotik atezainaren aurrean bakarrik geratu da Mikel Oiartzabal, eta eibartarrak patxadaz sareratu du baloia. 61. minutua zen.

Hurrengo minutuetan, Imanol Alguacilen jokalariak nagusi izan dira, baina ez dute eraginkortasunik izan atearen aurrean. Osasuna, bestalde, saiatu da tarteka ziztada batzuk ematen. Hala, pixkanaka bere lekua berreskuratzen saiatu dira gorritxoak, eta azken ordu laurdenean lortu dute zelaian bere tokia egin eta Remiroren atera gerturatzea. Azken minutuetako joan-etorrian, ordea, bi taldeek ezin izan dute aurkariaren atea zulatu, eta puntu banarekin konformatu behar izan dute.

Bost aldaketa, gehienez

Hasierako hamaikakoan honako jokalari hauek atera ditu Imanolek: Remiro; Zaldua, Aritz, Le Normand, Monreal; Zubeldia, Merino, Odegaard; Portu, Oiartzabal eta Willian Jose. Brasildarra izan da zelaitik ateratzen lehena; Isakek ordeztu du (62. min). Januzaj Porturen tokian sartu da (73. min). Aldaketa bikoitza egin du ondoren, 81. minutuan: Aihen Muñozek Natxo Monrealen lekua hartu du, eta Diego Llorentek Mikel Merinorena. Talde bakoitzak partidako bost aldaketa egiteko aukera du sasoia amaitu artean.

Osasunan, Arrasatek Ruben; N. Vidal, Unai Garcia, Navas, D. Garcia, Estupiñan; Brasanac, Oier, Iñigo; Adrian eta Cardona jarri ditu hasieratik. Lehen aldaketa bikoitzean Marc Cardonaren lekuan sartu da Enric Gallego, eta Jose Arnaiz Adrian Lopezenean (64.min). Ondoren, Jon Moncayolak Oier Sanjurjori hartu dio erreleboa (69.min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.