Araba Euskaraz-en bideoklipa aurkeztu dute Amurrion

Amurrioko Aresketa ikastolak antolatu du jaia, eta urriaren 18an egingo dute, Darabagu lelopean.

2020ko ekainaren 14a
18:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egitekoa zen Arabako ikastolen jaia, Amurrion, baina, koronabirusaren ondorioz, urriaren 18ra atzeratu dute. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, eta Aresketa ikastolak Darabagu leloarekin ospatuko duen festaren kanta eta bideoklipa aurkeztu dituzte.

Egoitz Uriarte, Enric Gomez, Dani Lamperez, Victor Sanchez eta Igon Olaguenaga musikariek hartu dute parte abestian, baita Sabin Guaresti, Alaia Mendieta, Maria Amolategi, Xabi Solano eta Iñaki Otxandorena Moro abeslariek ere, Aresketa ikastolako ikasleekin batera.

«Duela 42 urte Amurrioko hemezortzi familiak lur emankorretan ereindako hazia» da Aresketa ikastola, Joseba Llano ikastetxeko zuzendariak aurkezpenean esan duenez. «Inguruko familien laguntzari eta berotasunari esker, sustrai sendoak dituen zuhaitz ederra bihurtu da». Nabarmendu du baikor eta lasai erantzungo diotela egungo ziurgabetasunari.

«Landareak ekosistema egokia behar du aurrera egiteko», esan du Llanok. Harentzat, hori da Araba Euskaraz. Amurrioko ikastolak beste lau aldiz antolatu izan du jaia: 1986an, Araban bultza euskararen martxa lelopean; 1996an, Euskara guztiona; 2005ean, Ekiozu bideari; eta 2013an, Mihian kili-kili, euskaraz ibili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.