Ostiral gauean gertatu zen AEBetako Atlanta hirian. Iturri ofizialen arabera, 27 urteko Rayshard Brooks geldiarazi zuten Polizia kontrol batean, gidatzen zihoala lokartu eta istripu bat eragiteko zorian egoteagatik. Atzeman zutenean alkoholemia froga egin zioten, eta positibo eman zuen, eta ihes egiten ahalegindu zen. Segurtasun indarren esanetan, polizietako baten taser pistola hartzen ahalegindu zen gizona, eta orduan beste batek tiroz hil du.
Aldiz, inguruan zegoen herritar batek grabatu eta zabaldutako bideo batean Brooks agertzen da Poliziarekin indarrean, eta ondoren haiengandik lasterka ihes egiten; eta jarraian entzuten dira tiro hotsak. Brooks bizirik eraman dute erietxera, baina han hil da. Polizietako bat ere artatu behar izan dute, zauriengatik. Fiskaltzak ikerketa zabaldu du.
Handi ordu gutxira hainbat lagun bildu dira tiroketa izan den inguruan, gertatutakoa salatzeko.
Maiatzaren 25ean, George Floyden hilketak herrialde osoa asaldatu zuen, eta geroztik etengabeak izan dira protestak. Diru faltsua erabiltzeagatik atzeman zuten 46 urteko gizonezkoa Minneapolisen. Hura lurrean eta eskuburdinak jarrita zegoela, bertan zeuden lau polizietako batek, Derek Chauvin ofizialak, belaunarekin lepoa estutu zion zortzi minutuz, beste bi polizien laguntzarekin. Horren ondorioz hil zen. Lau poliziak kargugabetuta eta auzipetuta daude orain.