Bi ilara, ezkerretik bata, eskuinetik bestea, Viktoria Eugenia antzokiko sarrerara. Pandemiak ezarritako lehorteari amaiera ematera zetorren zuzeneko kontzertua hasteko ordu erdi eskas falta zen, eta argi zegoen ezer ez zela berdin: maskara soinean erakutsi zituzten bertaratutako denek beren sarrerak; langile batek sartu orduko eskainitako soluzio hidroalkoholikoarekin igurtzi zituzten eskuak eserleku bila abiatu aurretik. Eserlekuak. Hor ere bazen aldea atzo. Antzokiaren edukiera erdira jaitsita zegoen, jendeak segurtasun tarteak gorde zitzan. 391 toki, guztira. Koronabirus aroko lehenengo kontzertu maskaratua zuzenean entzun eta ikusteko.
20:00etan zen hastekoa emanaldia, baina hamar minutuko atzerapenez entzun zen megafoniatik ahotsa, jendeari bertaratu izana eskertuz. Eta itzulera festa hasi zen. Zea Mays taldeko lau kideak oholtzan agertu bezain pronto geratu zen garbi kontzertua berezia izango zela, zeukan testuinguruak hartaratuta: txalo zarta bereziki ozenarekin hartu zituen publikoak Asier Basabe (bateria), Ruben Gonzalez (baxua), Iñaki Imaz (gitarra) eta Aiora Renteria (ahotsa). Jendea bero zegoen; Haizearen jainko beltza kantaren lehen akordeak entzun orduko baieztatu zen. Musikariek, berriz, irribarrea aurpegitik uxatu gabe aletu zituzten Atera (Garden Records, 2019) diskoko beste hiru pieza: Gaur ni naiz, Edonora eta Kea. Azken hori kantatzen bukatutakoan, Renteriak hitzez adierazi zuen antzokian nagusi zen giroa: «Erdi negarrez nago. Hau supersurrealista da, arraroa, baina eskerrik asko hemen egoteagatik!».
Era (2010) diskoko Gorputz pentsamendu huts jotzen hasi ziren segidan. Ordurako, eskuineko palkoko batzuk zutik eta dantza kontrolatuan ari ziren. Zea Mays zuzenean entzutea eta eserita eustea —dantza libre egiteko aukerarik gabe, alegia— berez da zaila; atzo Viktoria Eugenian sumatzen zen musika egarriarekin, are zailago. Elektrizitatea, Atera, Enbata, Hiri ero, Ilara hilobi eta Zintzilik etorri ziren gero. Gozatzen ikus zitezkeen musikariak, elkarrekin jolasean; entzuleak ere bai, tarteka argitzen zituzten argi fokuen pean. Eta kontzertuko une berezietan berezienetako bi etorri ziren. Lehena, Negua joan da ta interpretatu zutenekoa, Ainhoa Moiua keinu hizkuntzan lagun zutela. Aurpegia estalita eta elkar ukitu gabe zeuden entzuleek Renteriarekin batera kantatu zuten: «Laztandu nazazu orain, ur urdinen artean/ orain lainorik ez da, aurpegi biluziak/ ta larrua jotzean garrasirik ozenena,/ gordin amaigabea, negua joan da ta». Segidan etorri zen hurrengo momentu berezia: taldeak Bi bihotz bi ero kantaren bertsio erraldoia oparitu zutenekoa, ingelesezko tarte eta guzti. Oihu eman zuten gero; eta Kukutza; eta Gaur. Eta agur esan eta desagertu egin ziren.
Azken eztanda
Gehiago nahi zuen jendeak, eta halaxe egin zuen oihu. Renteria eta Imaz agertu ziren oholtzara. Beste oihu bat hor, iluntasunetik, txantxetan eta segurtasun tartea gogoan, elkar ez ukitzeko eskatuz. Oihuak oihu, beste momentu berezi bat sortu zuten kantariak eta gitarrak, Zu ematean. Azken diskora egin zuten jauzi gero, laukote formatua berreskuratuta: Inurriak jo zuten. «Eztanda egitekotan nago. Oso pozik eta super-super emozionatuta», esan zuen Renteriak abesti hori amaitzean. Hondarretik Ondarrura eman zuen taldeak, azkenik, ordu eta erdi pasako maskarada bukatzeko. Halaxe itxi zuten pandemiak ezarritako musika etena: hemeretzi kanta eskainiz, negua erabat ez dela joan agerian utzi zuen zuzeneko lehen kontzertu arraroan.