SOS Kultura

Kulturaren «heriotza epaiaren» aurkako elkarretaratzeak egin dituzte

Hegoaldeko lau hiriburuetan bildu dira sortzaileak, izurriak kultur aurrekontuetan eragingo duen murrizketa, eta lehenagotik ere pairatzen duten egoera salatzeko.

Edu Lartzanguren.
2020ko ekainaren 12a
17:42
Entzun

«Gora arte rupestrea; Fuck off  [utikan] online», eskuz eginiko txartela hartuta atera da kalera sortzaile bat Gasteizen. SOS Kultura plataformak elkarretaratzeak egin ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan, kultur aurrekontuetan espero dituzten «murrizketa handiak» salatzeko, murrizketa horiek «heriotza epaia» izan daitezkeelako kultura sarearentzat.

Itziar Ituño aktoreak irakurri du mezua Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean eginiko elkarretaratzean. 2008ko krisiak kulturaren alorrari eman zion kolpea ekarri du gogora, eta, orain, konfinamenduak eragindakoak Euskal Herrian egiten den kulturaren azkena ekar dezakeela ohartarazi du. Maskor baten soinuarekin parekatu du gerta daitekeena: «Entzuten duguna itsasoa dela pentsatzea oso poetikoa izan badaiteke ere, dagoeneko ez dagoen izaki baten falta entzuten da». Kulturazaleei eskatu die sortzaileak bertan behera ez uzteko. «Berehala itzuli nahi dugu».

Iruñean, Udaletxearen aurrean bildu dira sortzaileak, Donostian, Bulebarrean, eta, Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan.

«Guretzat ez badago lanik, ez da egongo inorentzat kulturarik», adierazi dute Donostian, pankarta baten bidez. Jon Maia Soria bertsolariak bertsotan jarri du aldarrikapena: «Guk ez dugu nahi munduan iraun, baizik eta mundua aldatu».

«Kultura gara; arriskuan gaude», esan du Iruñean El Drogas musikariak. «Ez da murrizketarako unea, baizik eta mundu hobea eraikitzekoa». Euritakoak protagonista eduki dituen ikuskizun bat paratu dute plazan.

SOS Kultura plataformakoek esan dutenez protestak ez die alarma egoerak sortutako zailtasunei soilik erantzun nahi; «lehendik ere ezarrita zegoen prekaritatea» ere salatu nahi dute. Salatu dutenez, ez dute sentitzen erakunde publikoek kulturarentzat «benetako konponbiderik» eskaintzen dutenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.