Bizkaiko Auzitegiak Alonsotegiko bi alkate ohi auzipetu ditu, ustelkeriagatik

Auzitegiak atzera bota ditu akusatuen defentsen helegiteak. Zinpeko epaimahai batek epaituko ditu

Alonsotegiko (Bizkaia) udaletxea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 12a
11:51
Entzun

Alonsotegiko (Bizkaia) bi alkate ohi —biak ala biak EAJkoak—, hiru abokatu eta arkitekto bat auzipetu ditu Bizkaiko Probintzia Auzitegiak, ustelkeria delitua egotzita. Atzera bota ditu akusatuen defentsek jarritako helegiteak, eta auzipetzea baieztatzen duen autoa irmoa da. Alde bakoitzak azalpenak eman ondoren, epaiketarako data jarriko du. Zinpeko epaimahai batek epaituko ditu.

EH Bilduk salaketa bat jarri ondoren, 2014an hasi zen ikerketa. Koalizio independentistaren udal taldeak «irregulartasunak» atzeman zituen 2002 eta 2011 artean udalaren zerbitzu urbanistikoak kudeatu zituen sozietatearen egitekoan. Denbora tarte horretan alkate izandakoak dira, hain zuzen, auzipetu dituztenetako bi: Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban.

Auzitegiko magistratuek joan den maiatzaren 26an datatutako autoan jaso dutenez, Alonsotegi Eraikiz sozietateak «irregulartasun nabarmenak» egin zituen. Azpimarratu du, esaterako, sozietateak kudeatutako hainbat lanen lizitazio publikoetan «erabat» baztertu zituela «publizitatearen eta lehiaren printzipioak». Gainera, Eraikiz-en administrazio kontseiluko bi kidek «urratu»  egin zuten «bateraezintasun printzipioa», haiekin lotura zuten bi enpresen aldeko erabakiak hartu zituztelako. Autoaren arabera, sozietate horrek 7,3 milioi euro inguru gastatu zituen, ustez, justifikatu gabe. Diru publikoa bidegabe erabiltzearen, iruzurraren eta, besteak beste, influentzia trafikoaren delituak egotzi ahal dizkiete auzipetuei.

Barakaldoko 1. Instrukzio Epaitegiak 2018ko uztailean deliberatu zuen prozedura zinpeko epaimahai batek gauzatzea, baina auzipetuen defentsek helegitea jarri zioten ebazpen horri, eta auzia artxibatzeko eskatu. Argudiatu zuten ez zegoela akusazioetarako zantzurik, eta, gainera, ez zela egokia zinpeko epaimahai batek epaitzea. Baina auzitegiak epaitegi horren autoak berretsi ditu, eta iruditzen zaio badagoela sei pertsona horiek auzipetzeko oinarri juridikoa. «Delituen egiantzekotasuna» nabarmendu du auzitegiak.

«Albiste ona» EH Bildurentzat

Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du Bizkaiako Probintzia Auzitegiak hartutako erabakia «albiste ona» dela. «Gure erakundeen kudeaketa zintzoan sinesten dugunok zorioneko gaude gaur», adierazi du Bilboko Arriaga plazan egindako urgentziazko agerraldian. Agirrerentzat «larria» da auzipetuen aurkako «akusazio larriak» egonda ere erakundeentzat lanean jarraitu dutela. «Erakunde publikoetan edo albokoetan mailak igotzen segitu dute».

Gogoratu du EH Bilduk salatu zuela kasua, eta frogak «bilatu» zituela. «Ebidentzia guztiek adierazten dute ustez haien posizioaz baliatu zirela poltsikoak betetzeko; haienak eta bazkideenak». Legebiltzarkidearen iritziz, halakoak ez dira «praktika bakanak» EAJren barruan. De Miguel auzia izan du hizpide,  Montai-ri dagokiona, bai eta «antzeko beste kasu batzuk» ere. «Herrialde honetako kargu instituzional batzuek politika ulertzeko duten moduaren adibidetzat har daitezke?».

Oroitu du, bide batez, Alonsotegiko beste alkate ohi bat ere inputatuta dagoela «antzeko gertakariengatik». Jose Luis Erezumari (EAJ) sei urteko kartzela zigorra ezartzeko eskatu zuen Bizkaiko Fiskaltzak, joan den abenduan. Obra batzuen bueltako kudeaketarekin dago lotuta Erezumaren auzia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.