Jaurlaritzak ez du onartu Hezkuntza Ministerioaren ikasturte hasierari buruzko akordioa

Hamalau puntuko akordioa aurkeztu du Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak. Nafarroak bat egin du.

Bilboko iakstetxe bateko ikasgela bat, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 11
15:10
Entzun

Datorren ikasturte hasierarako akordio bat lortu du Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak autonomia erkidegoekin. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak ez dute onartu; Nafarroak, ordea, bai. Hamalau puntu ditu Zelaak autonomia erkidegoetako ordezkariekin hitz egin ostean aurkeztu duen akordioak. Horren arabera, 2020-2021eko ikasturtea ohiko datan hasiko da, 175 eskola egun izango ditu, eta aurrez aurreko jarduera «printzipio orokorra» izango da ikasturte osoan.

Beste hainbat puntu ere jasotzen ditu akordio horrek. Esaterako, ikastetxeek maila guztietako programazioak egokitu beharko dituzte, autonomia erkidegoek ezarritakoaren arabera, ikasleek azken hilabeteetan egin ezin izan dituzten «ezinbesteko jakintzak» berreskuratzeko, eta jarraipen eta laguntza planak egin beharko dituzte «zaitasun gehienak» dituzten ikasleentzat.

Garbitasunari ere erreparatu beharko diote. Akordioaren arabera, autonomia erkidegoek protokoloak egin beharko dituzte, ziurtatuta egon dadin ikastetxeetako higienea, garbitasuna eta osasun kontrola. Horrez gain, eskoletarako kontingentzia planak egin beharko dituzte, eta «beharrezko neurriak» hartu, besteak beste, jangela eta garraioa bermatuta egon daitezen.

Azken hilabeteetan egindako lanaz ere aritu da Zelaa. Irakasleek, ikasleek eta familiek egindako lana azpimarratu du, eta eskerrak eman dizkie. «Eskolak itxi genituen, baina ez hezkuntza». Unibertsitatera sartzeko ebaluazioari buruz esan dute «ezohiko egoeran» dauden ikasleei «ezohiko tratua» emango zaiela. «Ideia da ikasleei ez kalte egitea».

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak adierazpenak egin ditu Zelaarekin bildu ondoren. Azaldu duenez, bilera horretan komentatu dute egoera nola bizitzen ari diren eta datorren ikasturtean nola hastea espero duten. Haren hitzetan, bi dokumentu aurkeztu dizkiete: higiene eta osasun neurrien dokumentuaren zirriborro bat eta hezkuntza akordioen dokumentua. «Akordio horien inguruan guk esana dugu horiek direla momentu honetan garatzen ari garen lanak eta ildoak, eta guk, gure eskumenak erabiliz, ez dugula ikusten hori adostu behar dugula». Ziurtatu du datorren ikasturtearen hasiera lantzen ari direla, hainbat bilera izan dituztela eragileekin, dokumentu batzuk garatzen ari direla eta ekarpenak jasotzen dihardutela. «Espero dugu lehenbailehen amaitzea eta dokumentu horiek ikastetxeetara bidaltzea, bakoitzak presta dezan datorren ikasturtearen planifikazioa eta hasiera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.