Hilaren 20an jarriko da berriro martxan erremontea. Egun horretan ekingo diote Oriamendi 2010 enpresako erremontistek lehiari, Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan. Bost aste iraungo duen txapelketa bat jokatuko dute, binaka, eta ETB1k zuzenean emango ditu partida guztiak, 16:00etatik 18:00etara.
Joseba Urkiola EITBko Kirol zuzendariak BERRIAri aurreratu dionez, teknologia berriak erabiliko dituzte. Hala, erremontistek kamerak eramango dituzte kaskoan, eta horri esker, irudi ikusgarriak ikusi ahal izango dira. Pilotariak hasiak dira probak egiten, eta emaitza ederra da.