Gaur arratsaldean aztertu dute Iratxe Sorzabalen kontrako euroagindu eskaera, Parisko Dei Auzitegiko Instrukzio Ganberan. Auzia martxoaren 25an egitekoa zen, baina gibelatua izan zen COVID-19 birusaren hedapenaren ondorioz. Espainiak Sorzabalen kontra egin duen laugarren euroagindu eskaera da; aitzineko hirurak onartu egin zituen Frantziako justiziak. Euskal presoaren tortura salaketak izan dira eskaera bakoitzaren erdigunean; frogatuak badira ere, auzitegiak ez ditu kontuan hartu.
Gaurko auzi saioan, Espainiari galdera egiteko eskatu du prokuradoreak, bere adierazpenez gain Sorzabalen inplikazioaz zer informazio gehiago ote duten. Euskal presoaren abokatuek, berriz, euroagindua bertan behera uzteko eskatu dute. «Frogatu dugu haren atxiloaldian egindako deklarazioetan oinarritzen dela Espainiaren eskaera; haren tortura salaketak frogatu ditugu, eta Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiaren jurisprudentzia guzia ekarri dugu, argudiatzeko horrelako kasuetan euroaginduak ukatu behar direla», adierazi du Xantiana Cachenault abokatuak.
Serge Portelli abokatuak torturaren gaia plazaratu du, Espainiako justiziaren erralitatea azaleratuta. «Botere judizialaren eta polizialaren arteko konplizitatea esplikatu du, eta badela garaia Frantziako justizia horretan sar dadin», azaldu du Cachenaultek. Gaurko saioan ere, eskatu dute Sorzabalen kasuaz galdera egiteko Europako Batasuneko Luxenburgoko auzitegiari. Parisko Dei Auzitegiak irailaren 16an emanen du bere erabakien berri.