Zelaak esan du datorren ikasturtean hamabost eta hogei ikasle arteko ikasgelak egongo direla

Hamar urte arteko haurrak talde txikietan egongo dira. Sei urtetik gorakoek maskara erabili beharko dute, baina «malgutasuna» izango dute. Autonomia erkidegoekin bihar aztertuko dute gaia.

Haurrak ikasgelan, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko ekainaren 10a
13:41
Entzun

Ikasturte hasiera ez da ohikoa izango irailean. Isabel Zelaa Espainiako Hezkuntza ministroak iragarri duenez, datorren ikasturtean 10 urte arteko haurrak talde txikietan egongo dira «familia edo bizikide modura», eta ez dute metro eta erdiko segurtasun distantzia eduki beharko elkarren artean. Hala ere, autonomia erkidegoekin biltzeko bezperan, zehaztu du horrek ez duela esan nahi ikastetxean mantendu beharko ez dutenik. Zelaak La Sextan egin ditu adierazpenok, eta esan du 2020-2021eko ikasturtea presentziala izango dela. «Autonomia erkidegoei eskatu diegu ikastetxeek espazioak optimiza ditzatela: badaude espazioak ikasgelez gain». Liburutegiak, jangela eta erabilera anitzeko gelak jarri ditu adibidetzat. Ikasle kopuruan ere aldaketak izango dira: ikasgeletan hamabost eta hogei ikasle artean egongo dira.

Maskarei dagokienez, 6 urtetik gorakoek erabili beharko dute, baina «malgutasuna» egongo da aurrez aipatutako «bizikidetza taldeetan». Zelaak neurri batzuk aurreratu dituen arren, bihar da autonomia erkidegoekin hitz egitekoa, ikasturte hasiera «segurua, ondo antolatua eta lasaitasuna ematen duena» izan dadin.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak bestelako adierazpenak egin zituen atzo. Uriarteren hitzetan, pandemiak orain arte izan duen eboluzioa ikusita, denak aurrez aurre egonda hastea espero dute, «azken ordura arte esan ezin den arren». Ziurtatu du itzulera hori «normaltasunez» egingo dela, baina segurtasun eta higiene neurri batzuekin. Ikasle kopuruaz ere mintzatu zen: «Hitz egin daiteke hamabost ikaslez, baina, ikasgelaren tamainaren arabera, hitz egin daiteke beste ikasle kopuru batez», esan du Uriartek. Horrenbestez, distantziari ematen diote lehentasuna, eta ez ikasgelan ikasle kopuru jakin bat edukitzeari. «Distantzia handiagoa eta neurri mugatzaileago batzuk eduki behar badira, aurreikusita egongo lirateke bigarren jokalekuan».

Sindikatuak «kezkatuta»

ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk bilera batera deitu zuten gaurko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila, baina azpimarratu dute ez dela agertu. Eurekin ez biltzeak «kezka» eragiten diela esan dute. «Ikasturte hasierarako plangintza aurreikuspen falta egon daiteke honen atzean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.