Patxi Ruiz euskal presoak gose greba utzi du gaur, 31. egunean, BERRIAk jakin duenez. Maiatzaren 11 hasi zuen protesta, Murtzia II kartzelan (Espainia), eta, AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak esan izan duenez, aurreneko hamabi egunetan egarri greba ere egin zuen —estatuko espetxe administrazioak beti gose grebaz hitz egin du—. AEMk eta Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak BERRIAri eguerdian baieztatu diote gose greba bukatu duela. Espetxe Erakundeek diote Murtzia II kartzelari hala jakinarazi diola presoak, eta gaur gosaldu egin duela. Ruizek berak azalduko ditu protesta uztearen arrazoiak, haren gertuko iturriek kazeta honi azaldu diotenez.
«Borroka politikoa» hasi eta egun batzuetara zabaldu zituen aldarrikapenak euskal presoak; besteak beste, espetxeak bere osasuna bermatzea, eta euskal preso guztiak Euskal Herriratzea. Protestatik bi astera erietxera eraman zuten, eta hurrengo egunean itzuli zuten espetxera; geroztik, erizaindegian egon da, baraualdian. Sendagiria jaso du, AEMk esan duenez, eta modulu arrunt batera pasatzekoak dira.
Gose greban izan denetik, haren aldeko mobilizazio ugari izan da Euskal Herrian, eta gaurko ere badira deituta, baina Iruñeko elkarretaratzea ez dute egingo, 20:00etarako Udaletxe Plazan deitua zegoena. Bestetik, pintaketak egin dituzte PSE-EE, Ahal Dugu, Sortu eta, batik bat, EAJren batzokien aurka, gaur bertan, batzuk.
EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak maiatzaren 31n plazaratutako agiri batean adierazi zuen Murtzia II kartzelan (Espainia) dauden bere kideak saiatu direla Ruiz laguntzen, baina Euskal Herriko «sektore jakin batek» egoera baliatu nahi izan duela EPPKri, EH Bilduri, Etxerat-i, Sareri eta Sorturi «erasotzeko»: «Oso larria da». Hurrengo egunean erantzun zion AEMk: «erasotzat» hartu zuen EPPKren mezua, «herri mugimenduaren aurkakoa» zela zioen, eta «ahultasun politikoa» iruditu zitzaion bere izena zuzenean aipatu ez izana.
AEM: «Ruizen borrokak Euskal Herria astindu du»
AEMk gaur arratsaldean prentsa ohar batean esan du Ruiz bizirik egotea «ospatu» egiten duela, eta Murtzia II espetxeko zuzendaritzaren jarrera «hiltzailea» salatu du. 31 egun hauetan «Euskal Herriak emandako erantzun irmoaz» balorazio ona egin du, eta adierazi du kartzeletatik heldutako elkartasuna ezinbestekoa izan dela. Haren esanetan, AEM inguruko, EPPK-ko eta GRAPO eta PCEr-ko hogei presok egin dituzte ekinbideak: «Herri mobilizazioa ezinbestekoa izan da Patxiren bizitza babesteko eta haren aldarrikapenei merezi zuten tokia eskaintzeko. Herri presioari esker, Patxi ez da inoiz bakarrik sentitu, eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak eskerrak eman nahi dizkie modu batean edo bestean mobilizatu diren pertsona guztiei. Patxi Ruizen borrokak Euskal Herria astindu du, eta, batez ere, kartzelaren gordintasuna agerian uzteko baliagarria izan da». Alderdi politikoen jarrera ere deitoratu du, baina ez du aipatu siglarik.
AEMk oharrean dio «borrokak jarraitu» egiten duela, «amnistiaren alde eta Euskal Herria zein bere langileria askatasunera eramango dituen antolakuntzaren alde».
2002an atxilotu zuten Ruiz, ETArekin lotuta. 30 urteko kartzela ezarri zioten, 1998an Tomas Caballero Iruñeko UPNko zinegotzia hil izana egotzita.
ð;ÂÂ;Â;ÂÂÂÂ;ŸÂ”´ #Burtzeña eta #UgaoMiraballes-ko batzokiez gain, #Zorrotza-ko egoitza ere erasotu dute. @eajpnv-ren kontrako hertsapen-kanpaina onartezin hau hasi zenetik, 40 dira #Bizkaia-n erasoak jasan dituzten batzokiak.
— EAJ-PNV Bizkaia (@eajpnvbizkaia) June 10, 2020
ð;ÂÂ;Â;ÂÂÂÂ;ŸÂ‘‰ https://t.co/0vncAfF2lCpic.twitter.com/2j2z6KxkTo