Madrilek «normaltasun berria» arautuko duen dekretua onartu du

Hego Euskal Herrian aurrerantzean ere derrigorrezkoa izango da, besteak beste, maskara erabiltzea, baina biltzeko eta joan-etorriak egiteko askatasuna erabatekoa izango da. Neurriak indarrean egongo dira ekainaren 21etik txertoa aurkitu bitartean.

Maskaren erabilera derrigorrezkoa izango da ekainaren 21etik aurrera ere. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 9a
13:54
Entzun

COVID-19aren aurkako txerto bat aurkitu bitartean, herritarrek maskara erabiltzen jarraitu beharko dute hego Euskal Herrian; jende pilaketak saihestu beharko dituzte, eta garbiketa neurriei garrantzi berezia ematen jarraitu ere bai. Hori bai, alarma egoera indargabetzen denean, nahi adina lagunekin bildu ahalko dira, eta, Hegoaldean eta Espainian bederen, mugitzeko erabateko askatasuna izango dute.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak gaur onartu du «normaltasun berria» arautuko duen lege dekretua. Epe hori datorren ekainaren 21ean hasiko da —larrialdi egoera amaitzean—, eta, txerto edo sendagai eraginkorren bat aurkitu artean, ez da iraungiko legea. «Herritarrek birusarekin bizitzen ikasi beharko dute», Salvador Illa Espainiako Osasun ministroaren hitzetan.

Maria Jesus Montero gobernuaren bozeramaileak ere eman du abisua: «Txertorik ezean, birusa mehatxu izango da aurrerantzean ere». Helburu nagusia da kutsatzeek ez izatea gorakada nabarmenik jarduera ekonomiko eta soziala leheneratzen den heinean.

Horregatik, neurriak hartzen jarraitu beharko dute, besteak beste, enpresetan, ostalaritzan eta garraio publikoan: jende pilaketak saihestuz, sartu-irtenak kontrolatuz, eta langileen arteko distantziak bermatuz. Distantzia hori, aurrerantzean, metro eta erdikoa izango da bi metrokoa izan beharrean. Dekretuaren berrikuntza nagusietako bat da, eta bereziki ostalariek eta merkatariek eskertuko dute; hala, jende gehiago hartu ahal izango dute euren establezimenduetan.

100 eurorainoko isunak ezarriko ditu dekretuak, batez ere leku publikoetan metro eta erdiko distantzia errespetatu ezin eta maskara ez darabiltenentzat. Autoan ere maskara jantzita ibiltzen jarraitu beharko dute bertan doazenek, etxe berean bizi ez badira behintzat. Printzipioz, leku itxi jakinetan ez du gehienez egon daitekeen jende kopururik ezarri Espainiako Gobernuak, baina gobernu autonomikoek ezar ditzakete mugak.

EAJren babesa

Gobernua osatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiena ez ezik, EAJren babesa izango du dekretuak; baita Ciudadanos eta ERCrena ere. Jeltzaleek atzo arratsaldean jakinarazi zuten baiezkoa bozkatuko zutela, haien arabera araudi berriak «Euskadiren autogobernua bermatzen duelako eta konpetentzien zentralizazio posible baten inguruko zalantzak alboratzen dituelako». Idatziak ez du zehazten zer den Madrilekin adostutakoa, baina lege berriak ia botere guztia autonomia erkidegoen esku uzten du.

Illak aitortu du, beste taldeekin izandako negoziazioen ostean, aldatu egin behar izan zutela lege proiektuaren lehen bertsioa: «Ez genuen konpetentziak gure gain hartzeko asmorik, baina puntu hori indargabetu behar izan dugu, arazoak sortzen zituelako». Dena ez dute autonomien esku utzi, ordea. Adibidez, Espainiako Gobernuak jarraituko du trafikoari dagozkion arauak ezartzen, eta kirolari eta estadioetan zaleak sartzeari buruzko erabakiak ere haren kargu jarraituko dute.

Gainera, autonomia erkidegoek Madrili epidemiaren jarraipena egiteko beharrezkoak diren datu guztiak bidaltzen jarraitu beharko dute, eta, aurrerantzean, COVID-19a «derrigorrez eta berehala jakinarazi beharreko gaixotasun» bat izango da. Horregatik, kasu posible guztiei PCR probak «ahalik eta azkarrena» egiten jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.