Basurtuko ospitalean hogei pertsonari atzeman diete koronabirusa

Txagorritxun ez dute beste positiborik detektatu atzotik. Basurtun bederatzi osasun langile kutsatu dira koronabirusaz, eta 11 paziente eta bisitari. PCR bidezko 300 proba baino gehiago egin dituzte bi erietxeetan. Gurutzetan positibo bakarra atzeman dute, eta Murgak ez du «agerralditzat» jo.

Gurutzetako ospitalean COVID-19a duten gaixoak artatzeko zainketa intentsiboetako unitatea. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Andoni Imaz.
2020ko ekainaren 9a
10:38
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila bi foku nagusi aztertzen ari da egunotan, kezkatzeko moduko kutsatzeak agertzen hasi baitira osasun zentro batzuetan. «Agerraldiak osasun sisteman gertatu dira, birusa gure artean dagoelako, eta osasun sistema delako denetan ahulena», esan du Nekane Murga Osasun sailburuak gaurko prentsaurrekoan. Txagorritxuko ospitalean (Gasteiz), egoerak berdin jarraitzen du: ez dute beste positiborik atzeman. Lau gaixo daude: bi paziente, langile bat eta bisitan joandako pertsona bat. Basurtun (Bilbo), ordea, birusa hedatu egin da: hogei lagunek dute COVID-19 gaitza. Horien artean bederatzi erietxeko langileak dira, eta gainontzekoak, pazienteak eta bisitariak. Guztiak daude bakartuta, eta haien kontaktuak identifikatu dituzte.

«Fokuak aztertzen ari gara, eta lokalizatu ditugu. Duela aste batzuk baino hobeto gaude», adierazi du Murgak. Joan den astean lehendabiziko positiboak atzeman zituztenez geroztik, PCR bidezko probak egin dituzte ospitaleetan. Txagorritxun, 102 PCR proba egin dituzte. Basurtun, 230; 160 baino gehiago osasun langileen artean. Azken egunetan sendagiria eman dieten pazienteei ere egin dizkiete probak. «Zainketa sare bat» osatu dute, eta identifikatuta dauzkate kutsatutakoen inguruko pertsonak. «Garaiz atzeman ditugu», esan du Murgak. Denera, 40 paziente baino gehiago bakartu dituzte.

Gaur goizean adierazi dute Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitaleko paziente batek ere positibo eman duela PCR proba eginda. Murgak esan du gaixoa bakartu dutela, baita harekin egondako pazienteak eta langileak ere. Dena dela, ez dute detektatu birusa ospitalearen barruan hedatu denik; beraz, ez dute agerralditzat jo.

«Fokua kontrolatuta egon daitekeela uste dugu, baina ezin dugu baieztatu, inkubazio aroa pasatu arte itxaron behar baitugu. Positibo horiek ostiralean eta larunbatean identifikatu genituen, eta beste batzuk kutsatu zitzaketen aurretik. Birusa latente egon daiteke, eta datozen egunetan agertu. Positiborik ez egoteak ez du esan nahi kutsaturik ez dagoenik», ohartarazi du Murgak. Positibo eman duten pazienteei beste PCR proba bat egingo diete aurrekotik zortzi egunera, eta, orduan negatibo emanda ere, berriro aztertuko dute haien osasuna hamabost egunen buruan.

Ospitale horietara egindako bisitak mugatzeko asmoa dutela esan du Murgak. Aztertzen ari dira pertsona bakoitzak bisitari bat izatea, eta moduren bat topatu nahi dute horiei PCR probak egiteko modu sistematikoan.

«Larrialdi aroa bukatu genuenean, zainketaren aroa hasi genuen. Helburua zen jarraipen zorrotza egitea, jakiteko zer-nolako kasuak zeuden eta zer-nolako kontaktuak zituzten. Bagenekien gerta zitekeela, gertatu da, eta neurriak hartzen hasiak gara», adierazi du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak. «Ez da salbuespena; fase hau diseinatu genuenean, aukera hau jasoa genuen. Gaur-gaurkoz, ez dago zertan planak aldatu».

Ezin erne egoteari utzi

Guillermo Quindos EHUko Mikrobiologia katedratikoari elkarrizketa bat egin diote Radio Euskadin, eta adierazi du hiru agerraldiok erakutsi dutela ezin zaiola utzi «erne egoteari». Haren ustean, horrelako agerraldi gehiago izango dira etengabe, gaixotasuna desagertzen den arte. Azken hiru fokuak ezagututa, esan du ikertu behar dutela ea pazienteak gaixotasuna inkubatzen ari zirenean ospitaleratu zituzten ala barruan kutsatu ziren.

«Lasaitasuna inoiz ez da erabatekoa izango», esan du Quindosek; gaixotasunaren inkubazio aldia luzea da, eta zaila delako infekzioa hasieratik atzematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.