Maiatzaren 28an jakinarazi zuen Frantziako Gobernuak udako egonaldiak baimenduak izanen zirela, baina gaur-gaurkoz ez dute horietan errespetatu beharko den osasun protokolorik bidali, eta, Uda Leku elkarteak jaso duen informazioaren arabera, ekainaren bukaera arte ez dute jasoko. Horrek prestatzeko denbora murritzegia utziko dielakoan, egonaldi guziak bertan behera uztea erabaki zuen Uda Lekuk ekainaren 4an egin zuen administrazio kontseiluan. Aurtengo udan 11 egonaldi egitea aurreikusia zuten, 6 eta 15 urte arteko haurrentzat. Halako egonaldiak euskara hutsean egiten dituen egitura nagusia da Ipar Euskal Herrian.
«Egoera honek elkartea ezjakintasun handian atxiki du, prestaketa pedagogiko eta logistiko guzia blokeatuz», salatu dute agiri batean. «Zenbateko taldeak galdeginen dizkigute? Zenbat animatzaile beharko dira protokolo sanitarioa gauzatzeko? Zein aktibitate mota proposatzen ahalko dugu? Oheratzea, sukaldaritza, apairuak, garbitasuna... Nola kudeatu beharko ditugu?». Galdera horiek guziak erantzunik gabe dituzte oraindik. «Azken momentua arte espero izan dugu, sinetsi nahi izan dugu, baina orain epeak motzegiak zaizkigu haurrei eta animatzaileei kalitatezko egonaldi goxoak proposatu ahal izateko».
Uztailean 11 egonaldi eta lau bilgune kudeatzen ditu Uda Leku elkarteak, eta horrek «aurrez prestaketa handia» eskatzen diela adierazi dute. Erabakia «dolu handiz» hartu dutela erran dute: «lurraldeko 250 haur egonaldirik gabe egonen dira, eta 19 animatzaileri udako lana murriztuko zaie».
Hemendik aitzina, Lapurdin dituen lau bilguneak berriz irekitzeko indar guziak eginen dituela adierazi du Uda Lekuk. Miarritzekoa ekainaren 3an ireki zen, eta Hendaiakoa, aste honetan; Baionakoarentzat, herriko etxearen baimenaren zain daude. «Iragan asteko esperientzia baikorra izan da, haurrak eta gurasoak biziki pozik etorri zaizkigu, eta loriatuak sartu dira etxera egun bukaeran». Hala ere, osasun protokoloa berrikusi, eta ohartu dira animatzaile kopurua oraindik emendatu beharko dutela. Horrek elkartearen egoera ekonomikoan ondorio handiak izan ditzakeela ohartarazi dute.