AEB-ak

Minneapolisko Udal Gobernuak Polizia Departamentua desegiteko eskatu du

Alderdi Demokratak polizia indarkeriaren kontrako neurri sorta bat proposatuko du gaur Kongresuan. Floyden hilketagatik atxilotutako polizia gaur igaroko da epailearen aurretik.

Maifestariak Washingtonen. SARAH SILBIGER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko ekainaren 8a
10:23
Entzun

Bi aste dira Derek Chauvin poliziak, beste hiru kideren laguntzarekin, George Floyd 46 urteko gizonezko afro-amerikarra hiltzeraino ito zuela. Harrezkero, Floyden hilketa salatzeko protestak mundu osora zabaldu dira —Bristolen, Erresuma Batuan, istiluak izan dira asteburuan, eta XVII. mendeko esklabo trafikatzaile baten irudia bora dute manifestariek—.

Protestek eragina izan dute AEBetako politikan. Alderdi Demokratak, esaterako, hainbat neurri proposatuko ditu gaur Kongresuan, polizia indarkeria arrazistari aurre egiteko. New York Times egunkariak aurreratu duenez, polizia gehiegikerien auzipetzea erraztea proposatuko dute, abusu horien erregistro nazionala sortzea, eta atxilotuak mendean hartzeko itotze teknikak eta bestelako batzuk debekatzea.

Ez da erreakzio politiko bakarra izan. Minneapolisen, Udal Gobernua osatzen duten hamahiru zinegotzietatik bederatzik Polizia Departamentua desegiteko proposamena babestu dute —alkatea aurka agertu da—. Zinegotziek eurek jakinarazi dute erabakia udal eraikinaren aurrean egindako agerraldi batean: «Hemen gaude argi geratu delako Minneapolisko eta AEBetako hiri gehienetako Polizia eta segurtasun publikorako neurriek ez duela komunitatea babesten. Saiatu gara departamentuan erreformak egiten, baina huts egin dugu».

Agerraldia baino lehen, Alondra Cano zinegotziak jakinarazi du udal gobernuaren erabakia, Twitterren zabaldutako mezu batean.

 

 

Udal gobernuak «komunitatean oinarritutako segurtasun eredu bat» proposatu du, baina zehaztasun gehiago eman gabe. Dena den, adituek aurreratu dute «hilabeteak» beharko dituztela erakunde berriaren xehetasunak adosteko, eta hala ere ez dago garbi aurrera aterako ote den, Jacob Frey alkatea aurka agertu da eta.

Protestak bultzatu dituzten erakundeek ontzat eman dute erabakia, nahiz eta salatu «berandu» heldu dela: «Ez zuketen horrenbeste pertsonak hil behar honaino heltzeko. Seguruago gaude gobernuaren onespenarekin gu ehizatzera irteten diren gizon armaturik gabe», esan du Kandance Montgomeryk, Minneapolisko Black Vision erakundeko buruak.

New Yorken, berriz, Bill de Blasio alkateak poliziaren aurrekontua mugatuko duela iragarri du, eta gizarte zerbitzuetara baliabide gehiago bideratuko dituela.

Chauvin deklaratzera

Lau dira Floyden hilketagatik kargugabetu eta atxilotutako poliziak; haietako hiruri erailketan lagundu izana egozten diete, eta Chauvini, berriz, bigarren mailako erailketa. Azken hori gaur igaroko da epailearen aurretik.

Thomas Lane eta J.A. Kueng izan ziren salaketa jarri zuen dendako langileak egindako deiari erantzuten lehenak. Hark azaldu zien Floydek diru faltsuarekin ordaindu zuela, eta hura non zegoen jakinarazi zien. Bi poliziek kamerak zituzten soinean; horiek grabatutako irudiak ez dira zabaldu, baina fiskaltzaren esku daude dagoeneko.

Poliziek idatzitako txostenaren arabera, Lane Floydengana gerturatu zen, eta berehala armarekin apuntatu zion, eta eskuak erakusteko eskatu. Ondoren, autotik aterarazi zuen. Polizien esanetan, 46 urteko gizonezkoak aurre egin zien une batez. Behin eskuburdinak jarrita, belauniko jarri zuten Floyd, eta berehala heldu ziren Tou Thou eta Chauvin.

Erailketan laguntzeaz akusatutako hiru poliziek Chauvini egotzi diote erantzukizun osoa, adieraziz ohartarazi ziotela min egiten ari zirela, eta Floyd askatzeko eskatu: «Chauvinek hogei urteko esperientzia du; zer egin behar zuen nire bezeroak hark esandakoa betetzea ez bazen?», esan zuen Laneren abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.