Alarma egoera indargabetu beharko dute berriz ere Euskal Herri osoan ibili ahal izateko

Erkidegoen arteko eta mugaren bi aldeen arteko joan-etorriak jarri ditu helburu Iñigo Urkulluk, hilaren 15erako. Maria Txibitek esan du alarma egoeratik atera gabe ere ontzat joko lukeela, betiere osasun egoerak modua ematen badu. Pedro Sanchezek, ordea, beharrezkotzat jo du alarma egoera indargabetzea erkidego arteko joan-etorriak planteatzeko.

Ertzaintzaren kontrol bat, Zarautzen. ANDONI CANELLADA, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 7a
14:26
Entzun

Iñigo Urkullu eta Maria Txibite lehendakariak gaur bildu dira, ustez azkeneko aldiz, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin eta gainontzeko autonomia erkidegoetako presidenteekin alarma egoeraz hitz egiteko. Hamahiru bilera izan dira osasun krisia hasi zenetik. Hegoaldeko lau herrialdeak hirugarren fasean sartuko dira bihar, eta Urkullu eta Txibite aurrera begira dira jada. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ekainaren 15a du orain helburu: bilera horretan esan duenez, bihar zortzirako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Euskal Herri osoan ibiltzeko askatasuna izatea nahi du, baita Errioxan eta Kantabrian ere. Maria Txibitek ere esan du begi onez ikusiko lukeela hilaren 21ean alarma egoera amaitu baino lehen berriz inguruko erkidegoekin artean ibili ahal izatea, betiere osasun egoerak horretarako modua badu. Nafarrak, Euskal Herri osoan ibili ahal izateaz gain, Errioxan eta Aragoin ere ibili ahal izango lirateke kasu horretan. Sanchezek, ordea, adierazi du erkidegoen arteko joan-etorriak baimentzeko alarma egoera bertan behera uzteko eskatu beharko dutela: «Osasun agintariei alarma egoera indargabetzeko eskatzeko gaitasuna dute, eta indargabetzearekin erkidegoen arteko joan-etorriak planteatu daiteke».

Bihartik, arabarrak, bizkaitarrak eta gipuzkoarrak hiru herrialde horietan libre ibili ahal izango dira. Urkulluk adierazi du hurrengo pausoa inguruko erkidegoetan ere egin ahal izatea dela: «Merkataritzareko, turismorako, logistikarako eta esportaziorako erabakigarria den une honetan, jarduera ekonomikoa bultzatuko luke», esan du Urkulluk, eta Sanchezi eskatu dio aurrea hartzeko, «pertsona, familia eta negozio askoren nahia betez».

Sanchezi gogorarazi dio maiatzaren 31ko bileran esan zela hirugarren fasean hori posible izango zela (Osasun ministroak baztertu egin zuen gero), betiere erkidego horietako agintariek hala nahi badute. Bihartik, hirugarren fasean, osasun larrialdiaren gaineko erabakiak erkidegoen esku geratuko dira. Urkulluk asmo hori azaldu die Txibiteri berari eta Errioxako eta Kantabriako presidenteei. Nafarroakoak esan du inguruko erkidegoekin harremana mantentzea garrantzitsua dela.

Horrekin batera, Ipar eta Hego Euskal Herriko muga irekitzea ere nahi du Urkulluk. Hala eskatu zieten berak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak Sanchezi eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroari.

Urkulluk bilera nabarmendu du aste honetan lehen «zero zero» eguna izan dela EAEn; alegia, zero hildako eta zero kutsatu berri koronabirusagatik. Gaineratu du «normal» hasi dela ikastetxeetan jarduera presentziala ezartzen, eta «uda kulturala» hasi dela museo, liburutegi eta kulturguneen irekierarekin. Lana eta haurren kontziliazioari dagokionez, haur eskolak irekitzea urrats garrantzitsua dela gaineratu du. Hala ere, osasun eta segurtasun neurriak mantentzearen garrantzia gogorarazi du, eta azpimarratu du zuhurtzia ezinbestekoa dela, eta harreman sozialetan zorrotz jokatu behar dela.

Automozio Mahaia

Maria Txibitek automozio mahai bat osatzeko eskatu dio Sanchezi, sektore hori mugitzeko eta bultzatzeko. Espainiako Gobernuak zuzenduko luke, eta automozioak garrantzia handia duten erkidegoek parte hartuko lukete, tartean Nafarroa, industriarekin batera. Txibitek Sanchezi eskertu dio Europako diru funtsean erkidegoek zer eta nola parte hartuko duten jakitea eta egutegia zein izango den ezagutzea.

Txibitek nabarmendu du bihar hirugarren fasean sartuko dela Nafarroa, baina zenbait muga ezarri dituztela, batez ere edukierari dagozkionak eta jarduera batzuetan. Zahar etxeen inguruan hausnarketa bat egiteko beharra azpimarratu du Txibitek, eta eskola itzuleraz azpimarratu du jarduteko protokoloetan aurreratu beharra dagoela, eta horretarako lurralde arteko konferentzia bat azkar egitea defendatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.