George Floyden heriotza

«Arrazakeriaren pandemiak hil du»

George Floyden aldeko hileta egin dute Minneapolisen. Hurkoak eta pertsona ezagunak egon dira. Protestak baketsuagoak izan dira bart, baina izan dira atxilotuak eta zaurituak. Buffalon bi polizia atxilotu dituzte gizon bat kolpatu eta larri uzteagatik.

New Yorkeko atzoko manifestazioa. JASON SZENES, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 5a
10:51
Entzun

Bart gauean, George Floyden hileta egin dute Minneapolisen, joan den astean Derek Chauvin polizia zuriak belauna lepoan jarrita gizon afro-amerikarra ito zuen hirian. Benjamin Crump familiaren abokatuak han bildutakoen aurrean esan du arrazakeriaren eta bazterketaren pandemiak hil zuela Floyd: «AEBetan ondo asko ezagutzen dugun beste pandemia batek hil zuen George Floyd: arrazakeriaren eta bazterketaren pandemiak». Atzo jakinarazi zuten Floydek koronabirusa zuela, eta, hitz horiekin, abokatuak benetako arazoa zein izan den azpimarratu nahi izan du. Hori izan da AEBetan Floyden heriotza gogoratzeko hurrengo bost egunetan egingo diren ekitaldietako lehena.

Crumpek berdintasuna eskatu du afro-amerikarrentzat, batik bat sistema judizialak haiekiko duen jokabidean. «Ez ditugu bi sistema nahi, bat zurientzat eta beste bat beltzentzat», adierazi du abokatuak. Gaineratu du Floydekin gertatutakoa aukera on bat dela AEBetan berdintasuna lortzeko, eta herrialde hori sortu zutenean hori zela helburu nagusietako bat.

Hiletan, Floyden senideak eta lagunak egon dira, eta telebistaz eman dute. Aurpegi ezagunak ere baziren, tartean Al Sharpton eta Jesse Jackson apaizak, Martin Luther King III eskubide zibilen aldeko ekintzailea, Kevin Hart aktorea eta Ilhan Omar Ordezkarien Ganberako kidea, besteak beste. Floyden hurkoek harekin bizi izandako uneak ekarri dituzte gogora. «Jende guztiak nahi du justizia Georgerentzat. Eta edukiko dute».

Chauvin poliziari bigarren graduko hilketa egotzi dio orain fiskalak, eta, harekin batera, baita Floyden atxiloketan parte hartu zuten beste hiru poliziei ere. Ia bederatzi minutuz izan zuen Chauvinek belauna Floyden lepoan, nahiz eta hark esan ezin zuela arnasa hartu. Gertatutakoak protestak eragin ditu AEB guztietan, eta 26 estatutan Guardia Nazionala atera da kalera manifestariei jazartzeko.

Bart ere izan dira protestak, baina aurreko egunetan baino baketsuagoak izan dira. Los Angelesen, etxeratzeko agindua kendu dute bart. Lau egunez izan da indarrean gauez, istiluak eragozteko. New Yorken, berriz, indarrean dago oraindik etxeratzeko agindua, eta tentsio handiagoa izan da manifestariak kalera atera direnean. Hainbat pertsona atxilotu dituzte.

Gainera, izan dira zaurituak gaur ere. Reuters albiste agentziaren bideo batean ikus daitekeenez, Buffalon (New York) poliziek bultza egin diote 75 urteko gizon bati, eta, buruan kolpea hartuta, lurrean etzanda geratu da: «Kolpe bat entzuten da, eta odola ikusten da», dio Reutersen txioak. Gizona larri dago.

Gizona kolpatu duten bi poliziak lanpostutik kendu dituzte behin behinean. Poliziek hasieran esan dute gizonak estropezu egin duela, baina WBNO telebista katearen irudiek argi eta garbi erakusten dute bultza egin diotela. Byron Brown Buffaloko alkateak esan du bera eta  Byron Lockwood poliziaburua jota daudela gertatutakoarekin. Andrew Cuomo estatuko gobernadoreak esan du lotsagarria izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.