Bixente Serrano Izko idazle, politikari eta historialaria (Saratsa, Nafarroa, 1948) hil da gaur arratsaldean. Gaixorik zegoen, eta ebakuntza bat egin behar izan zioten duela egun batzuk. Okerrera egin zuen, ordea, eta gaur arratsean zendu da, erietxean; 72 urte zituen.
Hainbat arlotan jardundakoa izan zen Serrano Izko; frankismoaren amaieran, preso hartu zuten ETAko kide izatea egotzita, eta Segoviako espetxeko ihesaldian parte hartu zutenetako bat izan zen. ETApm-k armak uztean, Euskadiko Ezkerran sartu zen, baina, alderdia PSE-EErekin batu ostean, politikagintza utzi eta historia irakasle hasi zen Iruñean.
2004an itzuli zen politikaren lehen lerrora; urte horretan eta 2008an, Nafarroa Baiko hautagaia izan zen Espainiako Senaturako, eta diputatu izan zen kongresuan 2015eko ekainetik abendura bitartean, Uxue Barkosek utzitako lekua betetzeko. «Subjektu gisa, Nafarroan zentratu behar dugu apustua», esan zuen orduan kazeta honek eginiko elkarrizketa batean.
Serrano Izkok urteak eman ditu bere iritziak BERRIAn argitaratzen, eta literatur kritikaria ere izan zen 2007tik 2012ra bitartean; Nafar periferiatik bloga ere elikatuz joan da urtez urte; duela bi aste pasakoa da azken sarrera.
Koldo Martinez Geroa Baiko kideak eman du albistearen berri: «Pena handiz, Bixente Serrano Izko bihotzeko laguna, euskaltzale porrokatua, militante sutsua, idazlea, pentsalaria, historialaria, irakaslea, diputatua, Geroa Baiko kidea eta batez ere pertsona bikaina zendu dela esan behar dizuet. Beti gure gogoan!», idatzi du Martinezek sare sozialetan. BERRIAk galdetuta, Martinezek azaldu du «hainbat borrokatako kide» izan zuela Serrano, eta nabarmendu du «laguna, umila, apala, hurbilekoa» zela: «Historialaria eta historiagilea izan zen».