Jaurlaritzak aurreikusten du "normal" hasiko dela ikasturtea irailean

Maila guztietan eta gela murrizketarik gabe hasiko litzateke datorren ikasturtea; ondo bidean, irailaren 7an. Jangela eta garraio zerbitzuak normal hastea ere espero du, baina DBHko eta Batxilergoko ikasleek ordutegi jarraitua izango lukete, etxean bazkaldu dezaten.

Donostiako Axular lizeoko ikasgela bat, maiatzaren 25ean, ikasle batzuk eskolara itzuli ziren egunean. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko ekainaren 4a
09:03
Entzun

Zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurreikusten du 2020-2021 ikasturtea normal hastea. Ondo bidean, irailean maila guztietan hasiko litzateke ikasturtea, eta gela murrizketarik gabe; alegia, ikasle kopuru osoarekin. Gainera, garraio eta jangela zerbitzuak ere osasun krisia hasi aurreko moduan jarriko lirateke martxan. Hori bai, DBHko eta Batxilergoko ikasleek ordutegi jarraitua izango lukete, etxean bazkaldu dezaten. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak goiz eta arratsalde joango lirateke eskolara.

Hiru hilabete falta dira ikasturtea hasteko, baina Hezkuntza Sailak lehenbailehen nahi du erabaki ikasturte hasieraren inguruan. Aurreratu du oraindik ezin dutela zehaztu zer segurtasun baldintza izango diren, baina printzipioz ez dute aurreikusten ikasleek maskarak eta segurtasun distantziak erabili eta mantendu behar izatea. Edonola ere, osasun agintariek une horretan esaten dutenari jarraitu beharko zaiola adierazi dute.

Jokaleku hori aurreikusten badu ere, Hezkuntza Sailak ikastetxeei eskatu die beste bi ere prestatzeko: bat eskola presentzialekin baina murrizketekin, eta beste bat Internet bidezko eskolekin. Eta, horrekin batera, batetik bestera egokitzeko ere prestatzeko eskatu die. "Hiru jokalekuekin ari gara lanean, prest edukitzeko nolakoak izan beharko luketen eta batetik besterako aldaketak egonez gero ikastetxe bakoitzak zer egin beharko lukeen", adierazi diote sail horretako iturriek Efe albiste agentziari.

Errefortzurik ez

Euskadi Irratiak baieztatu duenez, atzo, Hezkuntza Sailak bilera egin zuen guraso elkarteen ordezkariekin, eskola publikoko zuzendarien elkartearekin eta Eskola Kontseiluarekin, asmo hori jakinarazteko. Gaineratu du zuzendarien elkartean harrera ona izango duela Hezkuntza Sailaren irailerako asmoak.

Asmo horretan ez da aurreikusten irakasle gehiago kontratatzea. Hezkuntza Sailaren arabera, ikasleak gela gehiagotan banatuko ez liratekeenez, ez da horren beharrik. Sindikatuak ez ziren izan atzoko bileran, eta Aitor Idigoras Steilaseko ordezkariak kezka agertu du Euskadi Irratian horregatik, errefortzuak beharrezkoak izango direlakoan. Irati Tobar LABeko kideak salatu du «normaltasun berria» ez dela existitzen eta ratioen jaitsiera sindikatuekin adostu behar dela.

Miren Zubizarreta ELAko ordezkaria ere kritiko agertu da, eta harridura agertu du hori delako Hezkuntza Sailaren lehen aukera. Esan du ez dituela lehen mailan jarri osasuna eta osasuna bermatzeko segurtasun neurriak, eta irizpidea izan dela lantaldeak ez handitzea eta gastua ez gehitzea.

Hori horrela, ELA, LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek bilera bat egiteko eskatu diote Hezkuntza Sailari, «kezkatuta» daudelako ikastetxeetako ikasturte hasiera «langileen ordezkariekin negoziatzeko borondaterik ez dagoelako». Batzarra gaur zortzirako egin nahi dute, eta helburua da «ikasturte hasierako plana, segurtasun neurriak, baldintzak eta neurri horiek bermatzeko behar diren baliabideak elkarrekin negoziatu eta adostea». Era berean, Hezkuntza Sailari «aldebakartasunez» jokatzea leporatu diote, eta ikasturte amaierarako segurtasun eta osasun bermeak betetzeko exijitu diote.

Beste bi jokalekuak

Normaltasunarena da irailean ikasturtea hasteko lehen jokalekua Jaurlaritzarentzat. Bigarren jokalekua litzateke koronabirusaren eraginez ikasle guztiak ikastetxeetara joan ezin izatea. Kasu horretan, Hezkuntza Sailak dio hainbat formula aztertu beharko liratekeela; adibidez, txandaka joatea edo jangela zerbitzua bertan behera uztea.

Hirugarren jokalekuan ez litzateke batere eskola presentzialik izango; ikastetxeak itxiko lirateke, eta ikasleek etxetik jarraitu beharko lukete ikasten, orain bezala. Hezkuntza Sailak iragarri du irailerako 20.000 ordenagailu eramangarri erosiko dituela, sare publikoak dituen erreminta telematikoak hobetzeko eta erosi ezin dituzten familietako ikasleek etxetik ikasi ahal izan dezaten.

Martxoaren 13an utzi zituen Eusko Jaurlaritzak bertan behera eskola presentzialak; Gasteizen eta Bastidan (Araba), egun batzuk lehenago. Maiatzaren 25ean, DBHko laugarren mailako ikasleak, Lan Hezkuntzakoak eta Batxilergokoak eskoletara itzuli ziren, higiene eta segurtasun baldintza batzuekin. 2019-2020 ikasturtea ekainaren 19an amaituko da ikasle gehienentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.