LAB sindikatuak gogorarazi du "erronka latza" datorkiela langileei hurrengo hilabeteetan, eta osasun krisiaren ondorio ekonomiko eta sozialak "izugarriak" direla jadanik beharginentzat. Prekarizazio prozesuari "enplegu suntsiketaren arazoa" gehitu zaio. LABek azpimarratu du milaka direla aldi baterako erregulazioen eraginpean dauden langileak eta enplegua ziurtatua ez daukatenak. Horregatik, lanbide arteko akordioa errebindikatzen du erregulazioen soldatak osatzeko egitasmoen aurretik. "Labur geratzen da hori; enplegua da babestu behar dena".
"Greba orokorretik gatoz, eta prekaritateari mugak jartzeko egin genuen lau puntuko lanbide arteko akordiorako proposamenak (1.200 euroko gutxieneko soldata; gutxieneko 20 orduko eta gehieneko 35 orduko lanaldia; subrogazioa eta soldata arrakalari mugak jartzea) indarrean jarraitzen du, eta akordio hori, orain, inoiz baino beharrezkoagoa da prekaritateari eta enplegu suntsiketari aurre egiteko; biak ala biak ere LABentzat lehentasunezko borrokak dira".
Datozen hilabeteetan, enplegu erregulazioen epea amaituz joango da, eta patronala horietako "asko" kaleratzeko dosier bihurtzea aztertzen ari dela uste du LABek. "Adegik adierazi du Gipuzkoan 12.000 lanpostu galtzea aurreikusten dutela. Euskal Herriko beste herrialdeetan egoera antzekoa izango da, eta, noski, hori guztia langileen kontura egin nahi dute".
Osagarrietatik harago doan arazoa
Egoera horren aurrean, eztabaiden arteko lehentasunak aldatzeko eskatu du, azken egunetan erregulazioak osatzeko aukerak bereganatu baitu eztabaida. "Sindikatu batzuk entzun ditugu aldarrikapen hori egiten, eta gai hau Elkarrizketa Sozialerako guneetan lantzen ari direla ere iragarri dute". Bada, LABek "egoki eta beharrezko" ikusten ditu osagarri horiek, langile horien diru sarrerak "bermatzea" nahi duelako. "Baina bizi den eta hurrengo hilabeteetan biziko den egoerari osagarri horrekin bakarrik aurre egin nahi izatea guztiz askieza da".
Sindikatu abertzaleak esan du, ohar baten bidez, beharrezkoa dela "enpleguaren arazoa bere osotasunean hartu eta neurriko irtenbideak bilatzea". Erregulazioak osatzea baino "harago" doan arazo larria da enpleguarena, LABentzat. "Osagarri horiez bakarrik hitz egitea eta akordioak gai horretan bakarrik bilatzea arazoaren benetako neurria ikusi nahi ez izatea da, edo ez ikusiarena egitea".
Hala, Garbiñe Aranburu idazkari nagusi duen sindikatuak hurrengo astean enpleguaren arazoari aurre egiteko proposamen oso bat plazaratuko du, baita hori martxan jartzeko aurrera eramango dituen egitasmoak ere.