Gizarte babesa

Ia 800 lagun gehiagok jaso dute DSBEa

Maiatzean, 54.066 lagunek eskuratu zuten diru sarrerak bermatzeko errenta, martxoan baino 1.675 gehiagok.

Lanbideren bulego bat, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko ekainaren 3a
13:00
Entzun

Espero bezala, ekonomiaren geldialdiak handitu egin du gutxieneko errentaren beharra duten herritarren kopurua. Lanbidek azaldu duenez, maiatzean 54.066 lagunek jaso dute DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta. Apirilean baino 792 lagun gehiago dira  (+%1,4), eta martxoan baino 1.675 gehiago.

Hurrengo hilabeteotan kopurua gehiago handitzea litzateke logikoena, konfinamenduak eragindako krisi ekonomikoa gainditzea ez baita hilabete gutxi batzuetarako lana. Baina, era berean, ikusi beharko da zer eragin duen DSBEan —eta Nafarroako errenta bermatuan— Espainiako Gobernuak onartu berri duen bizitzeko gutxieneko diru sarrera. EAJk Espainiako Gobernuarekin hitzartu duenez, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute gutxieneko errenta hori beren esparruetan, eta orain arteko errentekin osatuko dute.

Hori bai, errentak jasotzeko baldintza guztiak berdin-berdinak ez direnez, baliteke batzuek Espainiakoa jaso ahal izatea eta ez besteak. Espainiakoa eskatzeko epea zabalik dago astelehenetik.

Kopuru historikoetatik urrun

Azken bi hilabeteetan DSBEaren jasotzaileen kopurua nabarmen handitu den arren, oraindik oso urrun du inoiz izan duen kopuru handiena. 2015eko maiatzean izan zen, Atzeraldi Handiaren kalte sozialak arintzen hasi ziren garai batean. Orduan, 66.373 lagunek jaso zuten diru sarrerak bermatzeko errenta.

Gaur egun DSBEa jasotzen dutenen %24,9 pentsiodunak dira, eta haien pentsio apalak handitzeko erabiltzen dute. Jasotzaileen %43,1 langabeak dira; %18,7, soldata apaleko langileak, eta beste %13,3a, arrazoi batengatik edo beste batengatik lan merkatutik kanpo daudenak.

Jasotzaileen %58,4 emakumeak dira, eta 50,3 urtekoa da batez besteko adina.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.