IPAR EUSKAL HERRIKO BOZAK

Ez da abertzalerik izanen Baionako herriko etxeko bozen bigarren itzulian

Henri Etxetoren hautagaitza babestea baztertu ondotik, Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrendak Mathieu Bergeren Bihar Baionari egin zion proposamena, baina azkenean elkarrekin aurkeztuko dira Etxeto eta Berge, abertzalerik gabe.

Henri Etxeto sozialista, 2019ko argazki batean. Etxegarairen aurkari izanen da bigarren itzulian. BOB EDME
maddi ane txoperena iribarren
2020ko ekainaren 1a
12:22
Entzun

Bihar bukatuko da Ipar Euskal Herrian herriko etxeetako bozetarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta zerrendak ari dira pixkanaka hautagaitza eta akordioen berri ematen. Baionan, Henri Etxetoren zerrenda sozialista eta Mathieu Bergerena elkartu egin dira azkenean, eta gaur egungo auzapez Jean Rene Etxegarai izanen dute parean bigarren itzulian. Baiona Berdea eta Elkarkidea zerrenda abertzale ekologista ez da bigarren itzulian izanen, beraz. Izan ere, Etxetorekin aurkezteari uko egin zion zerrendak larunbatean, eta Bergerekin elkartzea hobetsi zuen. Berge eta Etxeto aurkeztuko dira elkarrekin, azkenean, eta kanpo gelditu da zerrenda abertzalea, lehendik ere errana baitzuen ez zela bakarrik aurkeztuko.

Hendaian, berriz, akordioa egitea adostu dute sozialistek, abertzaleek eta komunistek. Hendaia Biltzen zerrenda abertzaleak bilera egin zuen larunbat gauean, eta Kotte Ezenarro egungo auzapezaren zerrenda sozialistarekin batzeko akordioa egitea onartu zuen. Laurent Tariolen zerrenda ere batuko zaie, printzipioz. Pascal Destruhaulten zerrenda izanen dute parez pare.

Senperen, François Bederede buru duen zerrenda abertzalea Dominique Idiarten zerrendarekin aurkeztuko da, eta elkarrekin ariko dira gaur egungo auzapeza den Pierre-Marie Nousbaumen aurka. Idiartek bozen %41,27 lortu zituen, eta abertzaleek, berriz, %16,7.

Itsasun, azkenean hiru zerrenda izanen dira buruz buru. Hasieran, zabaldu zen Mixel Hiribarren abertzalearen zerrendara batuko zirela Luis Uztarrozen zerrendakoak, baina azkenean bereizirik aurkeztuko dira, bi horiek eta gaur egungo auzapezaren ildokoa den Jean Paul Iturburua.

Maulen, hiru zerrenda

Mauleko herriko etxeko bigarren itzulirako, hiru zerrenda aurkeztuko dira: lehen itzuliko berak. Izan ere, Beñat Elkegarai abertzalearen zerrendak elkartzeko proposamena egina zion Louis Labadot komunistaren zerrendari, baina Labadotek uko egin dio elkartzeari. Mixel Etxebest egungo auzapezarena da hirugarren zerrenda.

Ekainaren 28an eginen dute Ipar Euskal Herriko herrietako bozen bigarren itzulia. 142 herritan jada hautatu dituzte auzapezak lehen itzuliko emaitzekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.