Azken egunetako istiluen atzean mugimendu antifaxista dagoela esan du Donald Trump AEBetako presidenteak, eta «erakunde terrorista» izendatuko duela. Polizia zuri batek Minneapolisen George Floyd beltza hil zuenetik, seigarren gauez liskar larriak gertatu dira AEBetako hainbat hiritan. Minneapolisen bertan, protesta egiten ari ziren autobide batean, eta gidari zuri batek manifestarien aurka bota du kamioia, abiada bizian.
«AEBek ANTIFA erakunde terrorista izendatuko dute», adierazi du Trumpek, Twitterren bidez.
The United States of America will be designating ANTIFA as a Terrorist Organization.
— Donald J. Trump (@realDonaldTrump) May 31, 2020
AEBetako fiskal nagusi William Barr berehala hasi da Trumpen mehatxua betetzen: esan duenez, FBI mobilizatuko du «muturreko taldeak eta kanpoko asaldatzaileak» identifikatzeko. «Etxeko terrorismoa da antifak eta antzeko taldeek liskarretan bultzaturiko eta gauzaturiko indarkeria, eta horren arabera izango da tratatua». Manifestazio baketsuak «bahitu» egin dituztela gaineratu du Barrek.
Zuri supremazistak zergatik ez dituen berdin tratatzen galdetu dio Alexandria Ocasio-Cortez legebiltzarkide demokratak. Azaldu duenez, FBIk esan izan dio ezin dituela zuri supremazista armatuak terroristatzat hartu, horrek arriskuan jarriko lituzkeelako askatasun zibilak.
Ekintza Antifaxista talde historikoa (Antifaschistische Aktion) Alemanian sortu zuten, 1923. urtean, KPD Alemaniako Alderdi Komunistarekin lotuta. Naziek suntsitu egin zuten taldea boterera heldu zirenean, 1933. urtean. Izen eta bandera berarekin, ezkerreko taldeak biltzen dituen mugimendua berriz sortu zen Alemanian 1980ko hamarkadan, eta zabalduz joan zen Europako hainbat herrialdetara, tartean Euskal Herrira. AEBetan lan handia egin du taldeak azken urteotan, arrazakeriaren aurkako protestak antolatzen.
Iaz Trumpek esan zuen mugimendu antifaxista terrorista gisa izendatzeak «lagundu egingo» liokeela «Poliziari bere lana egiten». 2017an, Charlottesvillen gertaturikoaren erantzukizuna talde antifaxistei leporatu zien Trumpek. Orduan, neonazi batek emakume gazte bat hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen, autoarekin arrazakeriaren aurkako manifestazio baten kontra jota.
Antzeko eraso bat gertatu da Minneapolisen azken orduetan. Floyden hilketaren aurka, hiriko autobide batean manifestazioa egiten ari ziren milaka pertsona, eta gidari zuri batek kamioia bota du haien kontra, abiada handian. Manifestariek gelditzea lortu dute, eta kamioitik atera dute. Harrigarria badirudi ere, erasoan ez da inor hil. Poliziak atxilo eraman du gidaria.
BREAKING: Thousands of protesters scatter as tanker truck driver speeds into crowd on #Minneapolis interstate; unclear if anyone injured
— FLOYD RIOT UPDATES (@FrumNewsReport) May 31, 2020
pic.twitter.com/nX1v6CCq83
Etxeratzeko agindua ezarri dute 40 hiri ingurutan, baina manifestariek ez diote jaramonik egin, eta istiluak gertatu dira, besteak beste, New Yorken, Chicagon, Philadelphian eta Los Angelesen. Poliziak indarkeria handiz jo du manifestarien aurka, eta horiek Poliziaren hainbat auto erre dituzte. Dendak arpilatu dituzte hainbat hiritan.
New Yorkeko alkatearen 25 urteko alaba atxilotu zuten larunbat gauean, manifestazio batean.