Kantauriko Arraun Elkarteak ostegunean bidali zien azken proposamena klubei, eta bertan azaltzen dira, besteak beste, egutegia eta estropada eremuak. Gaur arteko epea zuten taldeek botoa emateko, eta onartu egin dute, %80ko babesarekin.
Hamabi estropada jokatuko dituzte KAEko bi ligetako eta ETE ligako taldeek [hasieran, bederatzi ziren], eta bost eremutan banatuta, hasieran hiru baziren ere. Getaria, Pasaia eta Castro Urdiales lehendik zeuden jasota, eta, gero, Getxoren aukera azaldu zen; orain, Santander ere batu zaie beste laurei.
Pasaian egingo dute aurrenekoa, erlojupeko estropadarekin. Ligak balekoak izateko, zortzi estropada jokatu beharko dituzte, eta bada proposamenean oso kontuan hartzeko beste gai bat: talderen batek KAE 1etik KAE 2ra jaisteko bidea hartu behar badu COVID-19ak eraginda, talde hori ez litzateke jaitsiko. KAE 2tik goiko ligara igotzeko, Bigarren Mailako lehiaketak balekoa izan beharko du; zortzi estropada jokatu beharko dituzte, alegia. Berez, bi talde igoko dira KAE 1era, eta bi jaitsi KAE 2ra, kanporaketa jokatu gabe. Hiru ligak abuztuaren 30ean bukatuko dira.