Espainiako Gobernuak eguneko udalekuak baimendu ditu hirugarren fasean

70 urtetik gorakoentzako ordutegiak desagertu egingo dira. Gehienez hogei pertsona elkartu ahal izango dira, baina ezingo da probintziatik atera oraindik.

Haur bat, jolas parke baten ondoan, Zarautzen. GORKA RUBIO, FOKU
jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 30a
10:42
Entzun

Hego Euskal Herria hirugarren fasera pasatzeko gutxienez ekainaren 8ra arte itxaron beharko bada ere, Espainiako Gobernua hasia da zehazten nolakoa izango den alarma egoeratik ateratzeko hurrengo pauso hori. Aldizkari ofizialean argitaratu duen dekretuaren arabera, haur eta gazteentzako jarduerak baimenduko dituzte hirugarren fasean, bai aire zabalean baita leku itxietan ere, egunean hasi eta bukatzen direnak. Eguneko udalekuak, beraz, egon ahal izango dira hirugarren fasean, betiere osasun eta segurtasun arauak betetzen badira. Espainiako Gobernuak jarritako arauak zehaztu ahal izango dituzte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.

Eguneko udalekuak aire zabalean egiten badira, haur eta gazteak bilduko diren leku horren edukieraren erdia izango dute gehienez; begiraleak zenbatuta, 200 pertsona. Leku itxi batean egiten badira, berriz, edukieraren herena izango dute, gehienez 80 begiraleak zenbatuta. Haur eta gazteak hamar pertsonako taldeetan banatu beharko dira, begiralea barne, eta ahal den heinean, Espainiako Gobernuak arautu duenez, jarduerak talde horietara mugatuko dira.

Taberna eta jatetxeek edukieraren erdia izango dute, eta terrazetan edukiera %70era handituko da. Gainera, taberna barruko barran kontsumitu ahal izango da, baina bezeroen edo bezero multzoen artean bi metroko segurtasun distantzia mantenduz. Diskotekek eta gauez irekitzen diren tabernek itxita jarraituko dute.

Gainera, saltoki guztiek ateak zabaldu ahal izango dute, haien tamaina edozein dela ere; haatik, ezein dendatan ezingo dute gainditu %50eko edukiera.

Ordutegirik ez 70 urtetik gorakoentzat

Gainera, inolako ordutegirik ez da izango hirugarren fasean. Bigarren fasean, 70 urtetik gorakoek hiru ordu dauzkate zehaztuta paseatzeko, 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Hirugarren fasean, horren ordez, osasun eta higiene neurriak "muturreraino" betetzeko eskatzen du Madrilek talde zaurgarrietako pertsonekin harreman zuzenik izanez gero.

Fase berriaren beste aldaketa esanguratsu bat elkartu daitekeen jende kopuruari dagokio. Bigarren fasean, etxe barruan zein kanpoan gehienez hamabost pertsona elkartu litezke, baina hirugarrengoan hogeirainoko jende multzoak egongo dira baimenduta. Joan-etorriei dagokienez, ordea, ez da berritasunik izango, eta orain bezala, ezingo da probintziatik atera ez bada osasun edo lan arrazoiengatik edo menpekotasunen bat duten pertsonak zaintzeko.

Turismoa, bideratzen

Hoteletako espazio komunak erabiltzea baimenduta egongo da, baina gehienez leku guztiaren erdia beteta. Animazio jardueretan, gehienez hogei pertsonako taldeak egingo dira. Natur jardueretan, 30 pertsona elkartu ahal izango dira gehienez. Turistentzako ekitaldietan, hogei pertsona arteko taldeak baimenduko dituzte, eta turisten gida lanetan aritzen direnek jende pilaketak saihestu beharko dituzte. Bi metroko segurtasun distantzia mantendu edo maskara jantzita ibili beharko da.

Museoek ere baimenduta izango dute irekitzea hirugarren fasean. Edukieraren erdia izango dute, eta gehienez hogei pertsonako multzoetan egingo dira bisitak, hartu beharreko osasun eta segurtasun neurriak hartuta. Zinema aretoek, antzokiek, auditoriumek eta zirkuek ere edukieraren erdia izango dute. Turistentzako jolas parkeek, parke zoologikoek eta akuarioek ere ateak ireki ahal izango dituzte, aire zabalean edukieraren erdiarekin, eta toki itxietan heren batekin.

Beilatokietan eta hiletetan, gehienez 50 pertsona elkartu ahal izango dira aire zabalean bada, eta 30 leku itxietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.