Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak atzera bota du GuraSOS plataformak egindako esku hartze eskaera, Zubietako erraustegia martxan jartzean Europako Batasuneko zenbait arau urratu zituztela argudiatuta. Bruselak erraustegiaren kontratazio prozedurak babestu ditu.
GuraSOSek 2018ko irailean egin zuen eskaera, eta adierazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak araubidearen aurka jokatu zuela ingurumenari buruzko gai orokorretan, hondakinen plangintza ontzeko prozesuan, herritarren partaidetza bideratzeko urratsetan, ingurumen baimenak emateko eran eta kontratazioan.
Eskaera Batzordeak atzera bota ditu plataformaren eskaerak, eta azaldu du ikertzen jarraituko duela proiektuak betetzen ote duen hondakinen kudeaketari buruzko legeen azken eguneraketa. Orain arte aztertu dutenaren arabera, ez dute topatu «Ingurumeneko Eragina Aztertzeko Batzordearen erabakiak ezartzeko prozeduran parte hartze publikoari eta justiziarako sarbideari buruzko arauak oker aplikatu dituzten zantzurik».
Zehaztu dute Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana 2008. urtean aztertu zutela azken aldiz, eta 2018koak direla azken neurriak. Esan dute Europako Batasuneko estatu kide bakoitzaren ardura dela plan horiek legeen eguneraketetara egokitzen diren ziurtatzea.
Prozedurez, esan dute diseinuaren, eraikuntzaren, finantziazioaren, operazioaren eta mantenuaren kontratazioak Europako Batasunaren «gardentasun printzipioarekin» bat zetozela.