HONDAKINAK

Azkoitiko EAJk ezezkoa eman dio Azkarateko hondakin gunearen proiektuari

Hondakin gunea "bailarako premietatik harago" doala eta herritarren arteko zatiketa eragiten duela argudiatuta eman dio ezezkoa EAJk. Proiektuak aurrera egiteko "ahobatekotasuna" behar dela azpimarratu dute. Onartzen dute, halaber "arazoa" egon badagoela.

Azkarateko hondakin gunea eraiki behar zuten tokiko argazkia. MAXIXATZEN
2020ko maiatzaren 29a
16:31
Entzun

Maxixatzen aldizkarira bidalitako gutun batean eman du Azkoitiko (Gipuzkoa) EAJk erabakiaren berri. Hain justu, atzo egin zuten udalak eta eragileek bilera, eraiki nahi duten hondakin ez-arriskutsuen plantari buruz eztabaidatzeko. Larke 360 enpresak Azkoitiko lurretan egin nahi du hondakin gunea, eta eztabaida sortu du herrian. Hori bideratu asmoz, atzo egin zuten bilera, eta Javier Zubizarreta (EAJ) alkateak aurreratu zuen adostasunik ezean, proiektua ez zutela babestuko. Azkarate Garbi Plataformak, Azkarate Garbi Auzotarrak eta EH Bildu proiektuaren aurka agertu ziren atzo. Gaur, berriz, oharra kaleratu du EAJk.

Hondakin gunea eraikitzeari uko egin arren, EAJk nabarmendu du arazoa badagoela Urola Erdiko Mankomunitatean, eta eskatu dute gaiaren gaineko azterketa "sakon" bat egiteko. Era berean, Lapatx zabortegia eraikuntzako hondakin gehiago jasotzeko moldatzea ere proposatu dute —oharrean diotenez, mankomunitateak onartu zuen eraldatze hori, EH Bilduren babesarekin, baina eskuduntza jakin batzuk behar dira horretarako, eta mankomunitateak ez zituen—. Gainera, Lapatxen gaineko kontrola "areagotzeko" ere eskatu du EAJk.

"Zuhurtziaz"

Azkoitiko EAJk aitortu du orain arte "isilik" jardun direla: " Askok ez dute ulertuko gure iritzia hain berandu eman izana, baina zuhur jokatu nahi genuen, gaiak baduelako bere konplexutasuna". EH Bilduri, aldiz, egotzi diote "sua piztea" eta Azkarateko hondakin gunea "zabortegia" dela esatea. Halaber, Zaldibarko kasuak eragindako zalaparta ere gaitzetsi dute.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.