tortura

Katalunian oihartzun handia izan du De los Cobosen aurkako testigantzak

Salaketa «oso larria» dela adierazi du Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente erbesteratuak.

Diego Perez de los Cobos, 2018ko otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionalera iristen. J.J.GUILLEN / EFE
2020ko maiatzaren 29a
13:40
Entzun

Azken egunetako titular ugari bete ditu Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelak, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak kargugabetu egin duelako, konfiantza falta argudiatuta. Gaur, ordea, Pello Alcantarillaren testigantza argitaratu du BERRIAk; 2004an, atxilotu zutenean, Tres Cantosko polizia etxean torturatu zutela azaldu du Alcantarillak, eta bertan ikusi zuela De los Cobos: «Besteek jotzen eta torturatzen ninduten bitartean, momentu batean, amore eman nuenean, mugitu, eta atzean eta ondoan, hor zegoen De los Cobos, niri begira, zain: noiz etsiko nuen. Ikusi egin nuen».

Dioenez, haren ahotsa ere entzun ahal izan zuen, torturatu zutenetako bati mintzo: «Hala esan zion ondoan zuenari: 'Gracias, comisario'. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen».

Albistearen berri eman du Kataluniako Vilaweb atariak ere, eta testigantzak oihartzun handia jaso du herrialde horretan, sare sozialetan antzeman daitekeenez.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratua eta europarlamentaria da albistea hizpide izan duenetako bat: «Oso salaketa larria da, ondorioak izan beharko lituzkeena. Testigantza batek Perez de los Cobos ezagutu du torturatu zutenetakoen artean. Uste dut, ordea, ez dela ezer gertatuko. Tamalez, Espainian torturatzaileak hilobira doaz dominak eta ohoreak ukitu gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.