AEB-ak

Erailketa leporatu diote George Floyd hiltzeraino ito zuen poliziari

Larrialdi egoera ezarri dute Minneapolisen, George Floyden heriotzak eragindako protestengatik, eta Guardia Nazionaleko bostehun soldadu bidali dituzte.

Manifestariek su eman diote Minneapolisko polizia etxeari. CRAIG LASSI, EFE
Arantxa Elizegi Egilegor - Andoni Imaz
2020ko maiatzaren 29a
09:40
Entzun

Astelehenean hil zen George Floyd, 46 urterekin, Minneapolisen (Minnesota). Poliziaren arabera, diru faltsua erabiltzeagatik geldiarazi zuten; autotik jaisteko agindu ziotenean, ordea, entzungor egin zuen, eta poliziek indarrez atera eta eskuburdinak jarri zizkioten. Segurtasun indarren esanetan, «osasun arazoak» zituela zirudien. Sareetan zabaldutako irudietan, berriz, ageri da nola polizietako batek lurrean eusten dion Floydi, belauna haren lepo gainean jarriz, nahiz eta hark eskuburdinak jarriak izan. Floydek esan zion ezin duela arnasa hartu, baina poliziak berdin jarraitu zuen. 46 urteko afro-amerikarra erietxean hil zen.

Derek Chauvin, belaunarekin Floydi lepoa estutu zion polizia zuria, atxilotu egin dute, eta erailketa eta giza hilketa egotzi dizkiote justiziaren aurrean. Konderriko fiskalak adierazi du beste kargu batzuk leporatzeko aukera dagoela. Chauvinekin zeuden beste hiru agenteak ere Poliziaren zaintzapean daude, eta haien kasua ikertzen ari dira.

[youtube]https://youtu.be/LyXuQ9TyviA[/youtube]

Floydena ez da halako lehen heriotza. 2014an, Eric Garner itota hil zuen polizia batek New Yorken, hura atxilotzen ari zela. Homizidiotzat hartu zuten, eta baina urte hartako abenduan errugabetzat jo zuten polizia. Erabakiak protestak eragin zituen hirian. Martxoan, berriz, Poliziak tiroz hil zuen Breonna Taylor 26 urteko gazte afro-amerikarra, Louisvilleko haren etxean, Kentuckyn.

Protestei erantzunez, AEBetako Ordezkarien Ganberako Justizia Batzordeak —gehiengo demokrata du— Justizia Departamentuari eskatu dio iker ditzala afro-amerikarren aurkako Poliziaren gehiegikeriak. Batzordeko buru Jerrold Nadlerek ohartarazi du «konstituzioaren aurkako jokabide eredu bat» ezkuta dezakeela Poliziaren azken urteetako jarrerak. Batzordeak Ahmaud Arberyren hilketa «sakon» ikertzea ere galdegin du. Arbery tiroz hil zuten, Georgian, erretiratutako polizia batek eta haren semeak. 

Minneapolisen, protestak izan dira hirugarren egunez jarraian. Bart, ehunka lagun irten dira kalera: polizia etxea inguratu dute, eta su eman diote. Eraikina hustu egin behar izan dute. Aurretik, segurtasun indarrek negar gasa jaurti diete manifestariei. Lekukoen arabera, inguruko merkataritza guneei ere eraso diete hainbatek, eta kalteak eragin. Minneapolisko alkate Jacob Freyk eskatuta, Guardia Nazionaleko bostehun soldadu bidali dituzte hirira.

AEBetako presidente Donald Trumpek gogor jo du manifestarien aurka, eta baita Minnesotako alkatearen kontra ere. Protestan ari direnak «gaizkileak» direla esan du estatuburuak, eta ez diotela Floyden oroimenari «mesederik egiten». Horrez gain, «buruzagitzarik eza» egotzi dio Frey alkateari, eta adierazi du alkatetzan «muturreko ezkertiar bat» egotearen ondorio dela indarkeria zabaldu izana.

Freyk berak agerraldi bat egin du gauean, istiluen ingurukoak azaltzeko, eta Trumpi erantzun dio «ahula» izatea dela inor krisian denean haren aurkako akusazioak egitea. Bestalde, argitu du egoerak okerrera egingo zuelako eman duela Minneapolisko polizia etxea husteko agindua. «Minduta eta haserre dago hiria, eta ulergarria da hori, baina onartezinak dira azken egun eta orduetan ikusi ditugun erasoak. Komunitateak ezin du halakorik onartu. Bart gauean gertatutakoa ikusi ondoren, argi dago laguntza behar dugula, eta horregatik deitu diogu Guardia Nazionalari».

Protestak ez dira Minneapolisen bakarrik izan, ordea. Columbusen, Ohion, estatuko gobernuaren egoitzari eraso diote, eta hainbat leiho apurtu dituzte. Borrokak izan dira Louisvillen ere (Kentuckyn), eta, Poliziaren esanetan, zazpi pertsona zauritu dira tiroketetan; haietako bat larri dago. Protestak izan dira Denverren eta New Yorken ere; azken horretan, gutxienez berrogei pertsona atxilotu dituzte.

AEBetako Poliziak berak ere gaitzetsi egin du Floydi gertatutakoa. Lehen aldia da halakorik egiten duena. Giza eskubideen aldeko mugimenduek, ordea, «adierazpen hutsalak egitea» egotzi diete segurtasun indarretako arduradunei, eta erakundea erreformatzeko eskatu dute.

Eztabaidak sare sozialetan

Floyden hilketak babes eta kritika soka luzea ekarri du sare sozialetan, Trump ez da Polizia babestu duen bakarra izan. Mississippiko Petal hiriko alkate Hal Marx errepublikanoak honela idatzi du Twitterren: «Ezin duzula arnasa hartu esaten baduzu, arnasa hartzeko gai zarelako esaten duzu. Segur aski, gizon hori gaindosi baten edo bihotzeko baten ondorioz hilko zen. Bideoan ez da ikusten poliziak hari eskuburdinak jartzera derrigortu zituen indarkeria. Polizia gurutziltzatzen ari dira».

Twitterrek ezabatu egin du Marxen txioa, hark kritika eta salaketa erauntsi eragin ondoren. Ez da ezabatutako idatzi bakarra izan: aurretik beste hainbeste egin du Trumpen beste txio batekin, «indarkeria bultzatzen» duela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.