George Floyden heriotzak eragin duen haserreak hainbat protesta piztu ditu Minneapolisen (AEB), eta bart gauean areagotu egin dira. Milaka pertsona atera dira kalera, eta belaunarekin Floydi lepoa itotzeraino estutu zion poliziaren etxe aurrera ere heldu dira, baita konderriko fiskalaren etxe aurrera ere. AEBetako beste hiri batzuetara ere zabaldu dira protestak; esate baterako, Los Angelesera. Gogoratu behar da duela ia 30 urte, 1992an, istilu latzak izan zirela hiri horretan antzeko beste kasu batengatik: urtebete lehenago, 1991ko martxoaren 3an, lau poliziak hiltzeraino jipoitu zuten Rodney King taxi gidari afro-amerikarra, eta, herritar batek jipoiaren bideo irudiak hartu bazituen ere, laurak absolbitu egin zituen epaimahaiak. Epaimahaiko kide ia guztiak zuriak ziren, eta azken urteetan gogoratzen diren istilurik handienak piztu ziren kalean: 54 pertsona hil ziren, eta 2.000tik gora zauritu. Hona hemen Kingen heriotzaren albistea, 1991ko martxoan, Euskaldunon Egunkaria-n.
Oraingoz, Poliziatik kaleratu dituzte Floyden hilketan parte hartu zuten lau poliziak, baina manifestariek eskatu dute atxilo har dezatela belaunarekin hil zuena, Derek Chauvin. Halaxe eskatu du Jacob Frey Minneapolisko alkateak ere: «Azken 36 orduetan, funtsezko galdera bat darabilt gogoan. Zergatik ez dago espetxean George Floyd hil zuen gizona? Zuk edo nik hil bagenu, kartzelan geundeke», adierazi du. AEBetako Kongresuan Minneapolis ordezkatzen duen kongresuko kideak, Ilhan Omarrek, salatu du hilketa leporatu beharko lioketela Floyd hil zuen poliziari. Hala salatu dute Hennepin konderriko fiskalaren etxearen aurrean elkartu direnek ere.
Beste pertsona multzo handi bat, berriz, Chauvinen etxe aurrean elkartu da bart, eta pintura gorriarekin hiltzailea eta hilketa salatzeko beste mezu batzuk idatzi dituzte. Poliziak negar gasarekin eta gomazko pilotak botaz erantzun die Chauvinen etxe aurrean bildutakoei, bai eta hiriaren beste leku batzuetan protesta egiten ari zirenei ere. Arpilatzeak ere izan ziren edari alkoholdunen saltoki batean, eta autoentzako piezen saltoki bati su eman zioten.
[YouTube]https://youtu.be/LyXuQ9TyviA[/YouTube]
George Floydek 40 urte zituen, eta astelehenean ustez hogei dolarreko billete faltsu batekin ordaintzeagatik atxilotu zuten. Bideo batean ikus daitekeenez, Chauvinek belauna jarri zion lepoan, eta konortea galdu zuen arte estutu, nahiz eta Floyd esaten ari zen ezin zuela arnasarik hartu. Ospitalera eraman, eta han hil zen.