Azken orduetan beste hemeretzi COVID-19 kasu baieztatu dituzte Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak PCR proben bidez; hamar Bizkaian, zazpi Nafarroan eta bi Araban. Bat ere ez, ordea, Gipuzkoan; herrialde horretan, astebete bada inork ez duela positibo eman PCR proban. Beste bederatzi pertsona ospitaleratu dituzte, baina zainketa intentsiboetako unitatean daudenak atzo baino bat gutxiago dira.
Haatik, azken orduetan beste 165 positibo atzeman dituzte serologia bidez. Horiek PCR probei batuta, 28.666 pertsonak izan dute gaitza Hego Euskal Herrian, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuko datuen arabera.
Gaitzak hildakoei dagokienez, beste zazpi pertsona hil ditu birusak. Eusko Jaurlaritzak ez du adierazten hildakoak zer herrialdetakoak diren, baina zazpi kasu horietatik bat Nafarroakoa da. Izurria hasi zenetik, 2.034 pertsona hil dira birusak jota Euskal Herrian; hamar jakinarazi dituzte Ipar Euskal Herrian, 513 Nafarroan, 815 Bizkaian, 356 Araban eta 283 Gipuzkoan.