Polizia arrazakeria AEB-etan

AEBak astindu ditu polizia zuri batek afro-amerikar bat hiltzeraino itotzen duela erakusten duen bideoak

Minneapolisko Poliziak George Floyd hil zuen herenegun, atxilotu ostean lurrean belauna lepoan jarrita, atxilotuak behin eta berriz esan zuen arren ezin zuela arnasa hartu. Lau polizia kaleratu dituzte.

jon ordonez garmendia
2020ko maiatzaren 27a
09:35
Entzun

George Floyden heriotzak AEBetako Poliziaren arrazakeria jarri du berriro mahai gainean. Herenegun, Minneapolisko Poliziak Floyd atxilotu zuen, ustez saltoki batean hogei dolarreko billete faltsu bat erabiltzeagatik; salaketa jaso, eta auto baten barruan «drogatuta» zegoela jakinarazi zieten. Autotik atera, lurrean etzan, eskuburdinak ipini, eta polizietako batek belauna jarri zion lepoan. Bideo batean ikusi eta entzun daitekeenez, Floydek behin baino gehiagotan esaten du ezin duela arnasa hartu. Poliziak, ordea, ez zuen aldatu jokabidea, eta, azkenean, Floydek konortea galdu zuen. Poliziaren bertsioak dio nabaritu zutela «zailtasun medikoak» zituela eta anbulantzia bati deitu ziotela. Ospitalean hil zen. Bideoa: Floyd nola itotzen duten erakusten duen bideoa (irudi gogorrak dira):

[YouTube]https://youtu.be/NP3S1yEiRzM[/YouTube]

Floyden hilketa gertutik ikusi zuten inguruan zeuden lekukoek, eta sare sozialetan zabaldu diren bideoen gertutasuna izugarria da. «Mesedez, mesedez, ezin du arnasa hartu. Mesedez», entzuten da argi eta garbi, baina poliziek ez dute ezer egiten. Lepoan eta gorputz guztian mina duela ere esaten du Floydek hil aurretik, eta ura eskatzen du. Emakume ahots batek bideoan esaten du sudurrean odola duela, gainera. Beste gizon bat poliziari mintzatzen zaio, eta esaten dio ez diola arnasa hartzen uzten eta altxatzeko lurretik. Ondoan beste polizia bat dago zutik, jendea ez dadila hurbildu zaintzen, eta horri ere esaten diote: «Gozatzen ari zara». Lekukoek poliziei leporatzen diete Floyd ez dela erresistitzen ari eta polizia autoan sar zezaketela denbora horretan arazorik gabe. Beste lekuko batek pultsua hartzeko eskatzen die poliziei, eta une batean esaten du: «Orain ez du erantzuten, ez da mugitzen».

Protestak izan dira bart

Bart gauean, 24 ordu geroago, jendetza bildu da Minneapolisen, Floyd hil zen lekuan, eta inguruan dagoen polizia etxe batean amaitu zen protesta. Istiluak izan ziren, eta poliziak negar gasa bota zuen, The Star Tribune egunkariaren arabera. Kalean soilik ez. Floyden heriotzak alderik alde astindu du AEBak, eta gogora ekarri du 2014an gertatu zen antzeko beste kasu bat, Eric Garnerrena. Orduko horretan, atxilotuak, afro-amerikarra hori ere, 11 aldiz errepikatu zion poliziari ezin zuela arnasa hartu. Hura ere hil zuten.

Jacob Frey Minneapolisko alkateak iragarri du kaleratu egin dituztela Floyden hilketan nahastuta dauden lau poliziak, tartean belauna lepoan jarrita ito zuena. «AEBetan afro-amerikarra izatea ezin da heriotza zigor bat izan. Bost minutuz ikusten dugu nola estutzen dion lepoa polizia zuri batek gizon beltz bati», adierazi du Freyk. FBI eta Minnesota estatua gertatutakoa ikertzen hasi dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.