EAJk bere aurkako «jazarpen kanpaina» salatu du, Ruizen aldeko pintaketengatik

Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko pintaketak egin dituzte bart lau batzokitan eta PSEren egoitza batean. Denera, EAJren eta sozialisten 26 egoitzaren atariak pintatu dituzte Bizkaian.

Arrankudiagako batzokia, gaur goizean. EAJ
2020ko maiatzaren 26a
12:19
Entzun

EAJren Bizkai Buru Batzarrak alderdiaren aurkako «jazarpen eta bortxa kanpaina» salatu du, bart gauean Patxi Ruiz euskal presoaren aldeko pintaketak agertu ostean Bizkaiko beste lau batzokitan (Begoña, Sabindarrak, Erandio Goikoa eta Arrankudiaga). Margotuta agertu da PSEren Otxarkoagako (Bilbo) egoitza ere. Horietan, Patxi Ruiz gose greban eta Amnistia osoa mezuak ageri dira, besteak beste. EAJk salatu duenez, bere hemezortzi egoitzatan azaldu da halako pintaketaren bat Bizkaian. PSEk, berriz, salatu du euren zortzi egoitzatan agertu direla lurralde berean.

Patxi Ruiz euskal presoak gose grebaren hamaseigarren eguna du gaur, Murtzia II-ko (Espainia) kartzelako erizaindegian. Greba hasi zuenetik, mobilizazio ugari egin dira Ruizen egoera konpontzearen alde eta euskal presoentzat amnistia eskatzeko. Maiatzaren 14an agertu ziren haren aldeko lehen pintaketak EAJren eta PSE-EEren egoitzetan. Egun batzuk geroago, baita Idoia Mendia PSE-EEko Eusko Legebiltzarrerako lehendakarigaiaren etxe atarian ere. BBBk kritikatu du alderdi jeltzaleari erreferentzia egiten zaiola, Ruizen egoerarekin «zerikusirik izango balu bezala».

EAJk ardura adierazi du azken asteetan gora egin duen «jarrera mota horren» inguruan, eta gizarte zibilak eta alderdi politikoek halakoak salatzeko «betebeharra» dutela nabarmendu du: «Ez dute inolaz ere laguntzen bizikidetzarako eta ezberdinenganako errespeturako bidean». Horregatik, alderdi politiko guztiak deitu dituzte halako ekintzen aurkako «mezu sendoak» adieraztera.

Bide beretik jo du PSEk ere. «Errepikatzen dugu halako ekintzak onartezinak direla, eta ziur gaude gizartearen mespretxu osoa dutela», esan du Bizkaiko PSEren idazkari orokor Mikel Torresek.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.