RAC1 Kataluniako irrati katean elkarrizketatu dute Maria Neira Osasunaren Mundu Erakundeko Osasun Publikoko zuzendaria, eta esan du OME «gero eta gehiago» baztertzen ari dela koronabirusaren beste izurri handi bat sortzeko arriskua. Hala ere, «oso zuhur» jokatzeko eskatu du.
Neirak esan du orain fase «oso kritikoa» datorrela, eta herritarrei eskatu die ez erortzeko «ez paranoian, ezta gehiegizko erlaxazioan ere», eta «ikasteko bizitzen gaixotasun infekziosoekin»: «Eredu asko aukera asko aurreratzen ari dira. Batzuek diote izurria berriro agertu daitekeela une jakin batean, eta beste batzuek beste izurri bat etor daitekeela, baina azken hori gero eta gehiago baztertzen ari dira. Askoz hobeto prestatuta gaude alor guztietan».
«Transmisio tasa hainbeste murriztu dugu, birusak zailtasunak izango baititu bizirik irauteko. Zuhurtasun handia izan behar dugu esateko hau olatuaren amaiera den, baina datuek erakusten dute transmisioa eragotzi dela», erantsi du.
Iragarri duen fase kritiko horri dagokionez, esan du orain behatu behar dutela birusak zer joera duen, jendea konfinamendutik irteten ari den neurrian: «Eguneroko bataila bat izango da. Bi edo hiru aste barru ikusiko dugu zer gertatu den eta zuzenketak egin behar diren».
BERRIAk Neira elkarrizketatu zuen martxoaren 5ean. «Ez dakigu oraindik zer gertatuko den; nahikoa informaziorik ez dugu», zioen orduan.