Konfinamendua arintzeko urratsak gero eta sendoagoak dira: abian da Hego Euskal Herri osoan izurria saihesteko hartutako neurrien bigarren fasea, eta agerikoa izan da gaur hori hainbat tokitan. Eskoletara, ostatuetara, makrodendetara eta hondartzetara begirakoak dira arintze neurri asko, eta goiburu ugariren iturri izango dira gaur toki horiek.
Ondo markatua izango zuten, esaterako, hainbat ikaslek gaurko eguna, ikasgelara itzultzeko eguna izan baita zenbaitentzat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek maiatzaren 18rako iragarri zuen hasiera, eta sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak. «Espainiako Gobernuaren berme juridikorik ez zegoelako», astebete atzeratu zuten. Hala ere, sindikatuek ohartarazi zuten «beharrezko mobilizazio eta ekintzak» abian jarriko dituztela, grebara jotzeko aukera barne, osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte. Gaurko itzulera ez da orokorra izan, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak aurreratu zuen institutuen %20 inguruk irekiko dutela eta Lanbide Heziketako ikastetxe «gehienak» irekitzea espero dutela. Irekitzea erabaki dutenetako bat izan da Donostiako Axular lizeoa.
Tenperatura hartu, eskuak garbitu, eta barrura. Tenperatura hartu, eskuak garbitu, eta barrura. Eta horrela behin eta berriz. Axular lizeoaren atarian, ez zegoen iskanbila handirik gaur goizean. 08:00ak aldera, ikasle gutxi batzuk baino ez zeuden, maskara jantzita, azterketarako azken errepasoa egiten. «Zaindu distantziak zuen artean», gogorarazten zieten. 08:15 alderako ilaran jarri dira, elkarren artean distantzia utziz, eta banan-banan sartu dira ikasgeletara.
Barrura sartutakoan ere, nabaritzen zen ez zela ohiko egoera. Hutsik zeuden ikasgela gehienak, eta itxita gaur erabiliko ez dituzten espazioak. Aitor Uriondo zuzendariak azaldu duenez, Axular Lizeoak 903 ikasle ditu, baina gaur DBH4ko eta batxilergoko 60-70 ikasle inguru itzuli dira ikastolara, errekuperazio azterketak egitera; bakarren batek irakaslearekin bakarkako saioa ere bazuen.«Ohituta ez gauden egoera berri honi ahal dugun ondoen erantzunez, Osasun Sailetik eta Hezkuntza Sailetik finkatutako arauak betez, talde txikietan, eta ikasleak ordutegi desberdinak erabiliz etorri dira, modu progresibo batean». Goiza ondo joan dela ziurtatu du: «Irakasleen eta ikasleen aldetik komunikazioa oso bermatuta zegoen, eta komunikazio berme horrek segurtasuna ematen digu denoi».
Ikasleak ikasgeletara itzultzen ari dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Axular lizeoan tenperatura hartzen diete sartu aurretik, eta dostantziak mantendu behar dituzte. @berriapic.twitter.com/W58xcedzn4
— Irati Urdalleta (@UrdalletaIrati) May 25, 2020
ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuen arabera, ikastetxe «gutxik» ireki dituzte gaur ateak. Sindikatuen protesta egin dute Gasteizko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aitzinean, eta bertan salatu dute Cristina Uriarte buru duen Hezkuntza Saila inprobisatzen eta sindikatuekin mintzatu gabe ari dela erabakiak hartzen. Sindikatuek ohartarazi dute arretaz aztertuko dutela ea ikasleak eta irakasleak segurtasunez ari diren itzultzen eskolara, eta hala ez bada mobilizazioetara deituko dutela nabarmendu dute. Gainera, salatu dute eskola batzuek oraindik ez dutela ikuskarien erantzunik jaso eskolara itzultzeko planen inguruan, eta, beraz, ez dakitela plana egokia den edo ez.
Hondartzetan
Hondartzetan ere orain arte ez bezalako askatasunez ibili ahal izango da gaurtik. Orain arte, paseorako toki izan zitezkeen; gaurtik, baimenduta dago etzanda edo eserita lasai egotea, eta baita bainua hartzea ere. «Aisialdirako» aukera hori zabaldu dela eta, horrek animatuta, gaur goizean, esaterako, jendea azaldu da Zarauzko (Gipuzkoa) hondartzara. Tartean, gurasoak umeekin; Zarauzkoak bertakoak hainbat, eta beste hainbat herritatik etorriakere bai. Neurriak arinduta, hondartzan «beste lasaitasun batekin» ibiltzeko aukera izango dutela onartu dute gehenek. Ordutegien araberako irteerak bertan behera geratuta, gainera, handitu egin dira hondartzan ere nahieran ibiltzeko aukerak. Eta, oro har, lasai antzean joan da goiza.
[Youtube]https://youtu.be/42ENpOADZUA[/Youtube]
Makrodendetan
Gaurtik aurrera, halaber, 400 metro koadro baino gehiagoko saltoki handiek zabaltzeko aukera dute, eta Barakaldoko Megapark merkataritza parkean goiz-goizetik jende ilarak egon dira gune horietara sartzeko, batez ere Ikean: han, 10:00etan ireki dituzte ateak, eta lehenengo bezeroak sartu direnean txaloka hartu dituzte dendako langileek. Saltoki guztietan segurtasun neurri zorrotzak daude: gehieneko edukiera murriztu dute, eta bezeroak eskuak gelez garbitzera eta maskarak erabiltzera behartzen dituzte. Gehien-gehienek ohiko ordutegiari eutsi eta 10:00etan zabaldu dute, baina baten batzuek ordutegia murriztu eta 12:00etan ireki dituzte ateak. Megaparkeko gune estalian, berriz, leku batzuk zabalik zeuden, baina jatetxe eta denda asko itxita eta garbitze lanetan ari ziren, bihar zabaltzeko asmoz.
Ostatuetan
Bigarren fasean sartzearekin batera, tabernei eta jatetxeei ere baldintzak zertxobait hobetu zaizkie —ostatu barruan, tokia %40 bete daiteke Nafarroan, eta %50 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan—. Dena den, Iruñeko hainbat ostalarik nabarmendu dute duda eta ziurgabetasuna nagusi dela. Bi hilabeteotan, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientean izan dituzte langileak, eta zalantzetako bat da zenbat itzultzea komeni den. Asko, guztiekin hasiko dira. Bederen onartu dute lanaldiari begira malgutasuna ahalbidetu zaiela. Beste zalantzetako bat da ea nola hasiko diren, jendeak beldurrez jarraitzen duen eta horrek nola eragingo dion negozioari. «Probatuz joango gara», esan dute hainbatek. Zalantzen artean, aurrera jotzea erabaki dute askok, eta probatu ahala egokituz joango dira hirugarren faserako. Ohiko bezeroen artean ere itzultzeko gogoa nabaritu dute.