Joan den maiatzaren 13an izan zuen ezbeharra Lekeitioko (Bizkaia) euskal presoak. Etxerat-en arabera, buru isuriak gorputzaren ezker aldean eragin dizkio kalteak: besteak beste, belaunean eta oinean, baita eskuko behatzetan ere. Hala jaso du Puerto Realeko Ospitaleko Neurologia Zerbitzuaren txostenak. Joan den ostegunean, berriz, alta jaso, eta espetxeratu egin zuten berriro Atxurra. Ordutik, osatzen ari da Lekeitioko presoa, eta baimen berezi bat izan zuten senideek larunbatean, 40 minutuko bisita edukitzeko.
Atxurraren senideek Etxerat-i jakinarazi diote espetxeko erizandegian dela presoa, "gogo-aldarte" onarekin dagoela, eta apurka berreskuratzen ari dela gorputzeko gune kaltetuetako sentikortasuna.
Egoera larria
Etxerat-ek salatu egin du egoeraren larritasuna. Izan ere, Atxurrak 24 urte darama espetxean: Urrunduta eta lehen graduan. Gainera, 60 urtetik gora ditu. Bestalde, koronabirusak eragindako ziurgabetasuna ere nabarmendu du Etxerat-ek: "Senideek albiste txar hori jaso izateaz gain, inpotentzia gehitu behar zaio, ezin baitute zuzenean harremanetan jarri. Kezka handiagoa sortzen du egoerak ezjakintasunagatik eta ospitaleratzea presazkoa izateagatik". Hain justu, larrialdi egoera ezarri zenetik, presoek ez dute aukerarik izan senideen bisitarik edukitzeko.
Bestalde, Etxerat-ek jakinarazi du koronabirusa dela eta berrogeialdian ezarri dutela Atxurra, ospitaletik espetxera itzultzean. "Badakigu zailtasunak izango direla presoaren osasunerako eskubidea bermatzeko eta osatzeko behar dituen neurriak hartzeko", gaitzetsi du presoen senideen elkarteak.
Preso gaixoak eta adinekoak
Atxurraren buru isuriak agerian utzi du, Etxerat-en ustez, "presaz" amaitu behar dela larri gaixo diren presoen eta 60 urtetik gorako presoen espetxealdia. Egun, hamazazpi euskal presok dute gaixotasun larriren bat, bi presok dituzte 70 urtetik gora, eta 36k, berriz, 60 urte baino gehiago.