Bigarren fasean ere «zuhur» jokatzeko eskatu die Jaurlaritzak herritarrei

Mikel Sanchezek jakinarazi du azken egunetako kutsatzeak familia barruan gertatzen ari direla, eta udazken-neguetarako indartu egingo dutela ohiko gripearen aurka txertatzeko kanpaina.

Mikel Sanchez. IREKIA
jon olano
2020ko maiatzaren 25a
11:00
Entzun

Astelehenarekin, konfinamendutik irteteko bigarren fasera igaro dira gaur Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa, Hego Euskal Herrian koronabirusaren eraginez inor hil ez eta biharamunean. Datu positibo hori ikusita, Jaurlaritzak «zuhur» jokatzeko eskatu die herritarrei, izurria berriro zabaltzea «oso gogorra» litzatekeela argudiatuta.

Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Mikel Sanchez Jaurlaritzako Osasun Saileko Planifikazio eta Ebaluazio zuzendariak nabarmendu du izurriaren bilakaera «positiboa» izaten ari dela azken asteetan: «Munduko zuhurtzia osoarekin, egoera normaltzen ari da». Sanchezek erantsi du helburuak izan behar duela egoerak okerrera ez egitea. 

Halere, ohartarazi du izurria igarota ere ez dela «erabateko normaltasunik» egongo eta «normaltasun berri bat» biziko dela aurrerantzean, eta neurriak hartzea beharrezkoa izango dela pandemia berriro hazi ez dadin: «Osasun sistemaren ikuspegitik, bereziki adi egon behar dugu ziurtatzeko hori gertatzen dela».

Hirugarren faseari begira, Sanchezek ukatu egin du zazpi edo zortzi egunekoa izango denik. Orain arteko fase guztiek hamabost eguneko iraupena izan dute, baina azken orduetan zabaldu da balitekeela hemendik aurrerakoak laburtzea pandemiaren bilakaera ona bada. Sanchezek esan du «datuak begiratu» beharko direla baina, edozein kasutan, eboluzioa «oso ona» izaten ari dela: «Aztertzen ari gara ikuskaritza sistema bat ezartzea egoera behatzeko, eta egia da gure datuen eboluzioa oso ona dela azken asteetan. Honek horrela jarraituz gero, egoera normaltzera iritsiko gara».

Kutsatu berrien kopurua «oso apala» izaten ari denez, «itxaropentsu» azaldu da Sanchez: «Kutsatu berri horiek familia barruan gertatzen ari dira. Hor ari gara ahaleginik handiena egiten». Asmoa da gaixoak garaiz atzematea, ez ditzaten ingurukoak kutsatu.

Udazkenean edo neguan izurriak berriro gora egin dezakeela-eta, ordea, jakinarazi du Jaurlaritzak ohiko gripearen aurkako txerto kanpaina indartuko duela, ohiko gripearen sintomak COVID-19arekin nahas daitezkeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.