Ugaritu egin dira Patxi Ruizi babesa erakusteko mobilizazioak, Euskal Herri osoan. Arratsaldean 200 bat lagun bildu dira Baionan eta manifestazioa egin dute herriko etxetik Espainiako kontsulatura, «Presoak kalera, amnistia osoa» lelopean. Espainiako kontsulatura iritsi eta, antolatzaileek adierazi dute «egoera larria» dela: «Salbuespen neurriak eguneroko ogia diren presondegietan bizi duten muturreko egoera: bisitak eten zaizkie, bizi baldintzak okertu, haien eskubideak ukatu». Hori ikusirik, «sostengu osoa» helarazi diete Ruizi eta beste preso politikoei.
Baionan ez ezik, beste hainbat lekutan ere egin behar dituzte manifestazioak arratsean: Bilbon, Gasteizen, Durangon, Donostian, Berangon, Lekeition eta Arbizun. Bestalde, Urruñan (Lapurdi) bost eguneko gose grebari eutsiko diote bost lagunek.
Iragan ostegunean eraman zuten Patxi Ruiz Murtziako (Espainia) kartzelatik ospitalera hamabi eguneko gose eta egarri greba egin ondoan. Han, hidratatu egin zuten Ruiz, eta, geroztik, espetxera itzuli da; egarri greba utzi, eta gose greba segitzea erabaki du. Presoak berak eskatu zuen ospitaletik ateratzeko; kartzelara itzuli zuten atzera. Koronabirusaren kontrako protokoloa dela eta, erizaindegian daukate orain, berrogeialdian.
Espetxean koronabirusaren krisiaz egiten ari diren kudeaketagatik hasi zuen protesta Ruizek. Ostegunean, berriz, sei puntuko ohar bat kaleratu zuen, eta euskal presoak Euskal Herriratzea jarri zuen «bizirik ateratzeko baldintza gisara».