HAUTESKUNDEAK

Posta bidezko botoa sustatuko du Jaurlaritzak

1.788.602 pertsonak izango dute boto eskubidea uztailaren 12ko hauteskundeetan.

Langileak posta bidezko botoak hauteslekura eramaten, iaz, Udal, foru eta Europako hauteskundeetan. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 19a
17:33
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen deialdia gaur argitaratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Aldizkari Ofizialean. Errolda martxoaren 1ean itxi zen, eta guztira 1.788.602 pertsonak osatuko dute hautesleria uztailaren 12ko bozetan; duela lau urte baino ia 10.000 herritar gehiago da hori. Lurraldeei dagokienez, 947.393 Bizkaikoak dira; 583.063, Gipuzkoakoak, eta 258.146, Arabakoak. Espainiako Estatutik kanpo bizi diren eta botoa emateko eskubidea duten pertsonei dagokienez, 2020an 75.669 pertsona izango dira.

Hain justu, uztailaren 12an jendea pilatu ez dadin, litekeena da posta bidezko botoa indartzea. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak aurreratu du bide hori baliatzeko epea bi hilabetetik harago luzatzea eskatuko duela. Erkorekak nabarmendu du Jaurlaritza dagoeneko hasi dela hauteskundeak antolatzeko lanean, eta iragarri du posta bidezko botoa sustatuko dutela.

Apirilaren 5eko hauteskundeak bertan behera utzita, prozedura osoa hutsetik hasi behar dute orain, eta data inportanteenak aletu ditu Eusko Jaurlaritzak gobernu kontseiluan. Esaterako, posta bidez bozkatu nahi dutenek gaurtik uztailaren 2ra bitartean eskatu ahal izango dute posta bidez bozkatzeko aukera. Espainiako Estatutik kanpo modu iraunkorrean bizi diren eta bozkatu nahi duten pertsonek maiatzaren 19tik ekainaren 13ra bitartean eskatu ahal izango dute.

Maiatzaren 25etik aurrera egongo da ikusgai hauteskunde errolda udaletan eta kontsulatuetan, eta egun horretan zabalduko da arlo horretako erreklamazioak egiteko epea. Ekainaren 13tik 17ra bitartean, berriz, hauteskunde mahaiak osatuko dituzten pertsonak izendatzeko zozketak egingo dituzte. Ekainaren 14tik 20ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena mahaiak osatuko dituztenei, eta, ohi bezala, mahaiak zabalik egongo dira 09:00etatik 20:00etara.

Kanpaina ekainaren 26tik uztailaren 10era bitartekoa da, berez. Baina hori murrizteari buruzko eztabaidan, ez datoz bat alderdiak.

www.hauteskundeak.eus webgunearen bidez eskuratu ahal izango da abian jarri den prozesuari buruzko informazio guztia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.