Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak uztailaren 12rako hauteskundeetara deitu zuen atzo, eta iragarpenaren biharamunean ere hainbat izan dira gaiaz jardun duten ordezkari politikoak. EAJkoek, besteak beste, uztailean bozkatzea «arduratsua eta kontsekuentea» dela defendatu dute. Hala adierazi du gaur goizean Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Radio Euskadin, eta bozak «osasun berme guztiekin» egingo direla gehitu du; esan duenez, Segurtasun Sailak azterketa sakona egin du horretarako, eta prebentzio neurriak biltzen dituen plan bat ere osatu du.
Erkorekaren ustez, «herritarrak politikarekin inplikatu eta konprometitu behar dute garaiotan», eta eragile politikoek «pedagogia egin behar dute hori ikusarazteko»: «Herritarrek erabaki behar dute erabakigarria izango den datorren fasea nork gidatzea nahi duten». Halako egoera batean hauteskunde kanpainak izan dezakeen iraupenaz, legeak ezartzen duen hamabost eguneko epea murriztea posible dela esan du Jaurlaritzako bozeramaileak.
Horretarako, ordea, neurria alderdi politikoek adostu beharko lukete. Hauteskundeen data zehazteko orduan bederen, oposizioak gainontzeko alderdien iritziei jaramon gutxi egin izana egotzi zion atzo EAJri. Oposizioarekin ez, baina deialdia ea Alberto Nuñez Feijoo Galiziako presidentearekin hitzartu duten galdetuta, Erkorekak aitortu du Urkulluk izan dituela elkarrizketa harekin, baina ez dutela itunik egin.
Oposizioaz jardun du Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak ere Onda Vasca irratian, eta «haurren moduan jokatzea» egotzi die: «Etsigarria da hauteskundeen aurkako jarrera hartu izana; liskarrean oinarritutako kanpaina baten bila dabiltza». «Horren egoera konplikatuan» oposizioak izandako jarrera gogor kritikatu du buruzagi jeltzaleak, eta azpimarratu du bozkatzea herritarrei «kendu ezin zaien eskubide bat» dela.
Kanpaina mozteko aukerari buruz, EBBko presidenteak esan du alderdi guztiekin adosten saiatuko direla. Gai horri dagokionez ere, ordea, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk atzo erakutsitako jarrera gaitzetsi du Ortuzarrek, haiek «ahalik eta kanpaina klasikoena eta liskartsuena nahi baitute». Gehitu du EAJ ez dela «eztabaida alderdikoien tranpan eroriko», Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erakundeetan agintean daudenak beraiek direlako eta ezin dutelako «halako kontuetan distraitzeko luxua» hartu.
«Euren kalkuluen arabera egin dute»
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, berriz, ETB1en elkarrizketatu dute gaur goizean, eta argi utzi du euren ustez EAJk interes alderdikoiei erantzunez deitu duela hauteskundeetara: «Euren kalkuluen arabera egin dute; hauteskundeak nahi zituzten, eta horren arabera eraiki dute diskurtsoa». Hortaz ere jardun du Ortuzarrek gaur, eta esan du oposizioa «etengabeko kontraesan batean» erortzen ari dela: «Jaurlaritza dena gaizki egiten ari dela diote, baina, aldi berean, bozetara interes alderdikoiengatik deitu dugula. Horren gaizki egingo bagenu, herritarrek ez gintuzten bozkatuko»
Otegiren ustez, «arduragabekeria bat da» pandemia baten erdian hauteskundeak egitea, eta Urkulluk elkarrizketarako borondate apurra erakutsi izana kritikatu du: «Lehendakariak bere buruarekin hitz egiten du; ez zaio gustatzen ezberdin pentsatzen dutenekin adostea. Gure ustez, egoera honi guztion adostasunarekin egin behar zitzaion aurre, baina ez du nahi izan». Kanpainaren iraupena zein izango den ez dakiela esan du Otegik, baina argi dagoela «honezkero kanpainan gaudela». «Irabaztera» aterako direla esan duen arren, aitortu du EAJren eta PSE-EEren arteko beste gobernu bat aurreikusten duela.
Oraingoz, sozialistek bakarrik babestu dute hauteskunde kanpaina ohikoa baino motzagoa egiteko EAJren proposamena. Miguel Angel Morales PSE-EEren kanpainaren koordinatzaileak gaur onartu du «neurri egokia» izan daitekeela, eta esan du, halaber, hauteskundeei lotutako jarduerak murrizteak lagun dezakeela koronabirusa dela-eta indarrean leudekeen arauak errespetatzen. Prest agertu da gai hori bilera batean beste alderdiekin lantzeko.
«Demokraziarentzako iraina»
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak, berriz, hauteskunde kanpaina laburtzea «demokrazia iraintzea» dela uste du. «Normaltasunera itzultzeko fasearen erdian» bozak egitearen aurkako jarrera berretsi du Gorrotxategik, eta esan du «nahi ez arren» kanpainan sartu beharko dutela.
Horretarako, alderdi guztietako ordezkariekin ezohiko mahai bat sortzea proposatu du, kanpaina diseinatzeko. Elkarrekin Podemosek alderdiek gutun bateratuak bidaltzea proposatu du, baita gehienezko gastu bat ezartzea eta ekitaldi presentzialen kopuru zehatz bat finkatzea ere.
Gorrotxategik bezala, prentsaurreko telematiko bat egin du Carlos Iturgaiz PP+C's koalizioko lehendakarigaiak ere. Iturgaizek «guztiok bozkatu ahal izateko» osasun bermeak eskatu dizkio Urkulluri, eta adierazi du hauteskunde hauek «agintarientzako azterketa bat» izango direla: «EAJ eta PSOEren kudeaketa kaotikoa hondoratzen ari da; ikusi besterik ez dago azken egunetan elkarri egiten ari diren gaitzespen guztiak».