Azken orduotan hiru euskal herritar hil dira koronabirusak jota, atzo baino bi gehiago. Euskal Herrian, orotara, 1.983 dira pandemia hasi zenetik koronabirusak hildakoak, beraz.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du hamabost izan direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan detektaturiko kasu berriak, PCR bidez. Atzo 5.276 proba egin zituzten: horietatik 2.859 PCRak ziren, eta 2.417, test azkarrak. Nafarroako Gobernuak batera eman ditu datuak, eta jakinarazi du 101 kasu berri atzeman dituztela PCR eta proba serologiko bidez: kasu horietako batzuk, beraz, koronabirusa jada pasatu dutenenak izan daitezke.
ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako gaixoak ere geroz eta gutxiago dira: Nafarroan ez dute inor ZIUetan sartu azken orduotan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru eri gutxiago daude ZIUetan: 45 dira orain.
Datuak egonkorrak eta beheranzkoak izan arren, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez lasaitzeko gomendioa egin die herritarrei: «Ezin diogu utzi koronabirusari beldurra izateari, harekin bizi beharko baitugu».