36 udalerrik utzi diote irteteko ordutegiak izateari

Orotara, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiru herritarretik bik izango dituzte ariketa fisikoa egiteko ordutegiak aurrerantzean ere.

Mutriku izango da ordutegiak izateari utziko dion herrietako bat. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko maiatzaren 17a
15:02
Entzun

10.000 biztanletik beherako herrietan ordutegiak kendu ditu Espainiako Gobernuak, eta neurriak eragin zuzena izango du Hego Euskal Herriko udalerri ugaritan. Lehen, soilik 5.000 biztanletik beherako udalerrietan bizi zirenek ez zuten ordutegirik —06:00etatik 23:00etara irtetea da denbora muga bakarra—, baina, orain, beste 36 udalerritako biztanleak irten ahalko dira nahi duten orduan paseatzera edo jarduera fisikoa egitera —erosketetarako, lanera joateko eta abarretarako ez dago ordutegi mugarik—.

Malgutzeak Gipuzkoan eragingo du batez ere; Eustaten 2019ko demografia datuen arabera, hamahiru herri daude 5.000 biztanletik gora baina 10.000tik behera dituztenak: Aretxabaleta, Astigarraga, Deba, Lazkao, Legazpi, Lezo, Mutriku, Orio, Urnieta, Usurbil, Villabona, Urretxu eta Zumarraga.

Tamaina horretako herriak hamahiru dira Bizkaian: Abadiño, Abanto, Berango, Elorrio, Gorliz, Gueñes, Lekeitio, Muskiz, Ondarroa, Ortuella, Balmaseda, Zalla eta Derio.

Nafarroan, berriz, bederatzi herritako biztanleek baliatuko dute neurri berria, Espainiako Estatistika Institutuak emandako 2019ko demografia datuen arabera: Altsasu, Baztan, Cintruenigo, Corella, Noain, Uharte, Azkoien, San Adrian eta Berriobeitikoek. Araban, herri bakarrari eragiten dio: Aguraini.

Bi heren, ordutegiekin

Biztanleriari dagokionez, ordea, 274.607 herritar bizi dira 5.000-10.000 biztanle bitarteko herrietan. Horiekin, 706.765 herritarrek ez dute ordutegirik izango, neurria indarrean sartzean. Beraz, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiru herritarretik bik ordutegiak izango dituzte aurrerantzean ere; 06:00-10:00 eta 20:00-23:00 tarteak, ariketa fisikoa egiteko edo paseatzeko, 12:00-19:00 tartea 14 urtetik beherakoentzat, eta 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 tarteak 70 urtetik gorakoentzat eta mendekotasunen bat dutenentzat. Ipar Euskal Herrian, konfinamendua arintzen hasi zirenetik ez dute izan kalera irteteko ordutegirik, baina bai kirola egiteko: ezin dezakete kirolik egin 10:00etatik 19:00etara, merkataritza ordutegiarekin bat ez egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.