Ertzainburu bat salatu dute Castron, konfinamendua hausteagatik

Duela bi aste identifikatu zuen Guardia Zibilak. Poliziaburuak argudiatu zuen han duela bizilekua, baina ez dago han erroldatuta.

Ertzaintzaren kontrol bat, Zarautzen. GORKA RUBIO, FOKU
2020ko maiatzaren 17a
13:56
Entzun

Guardia Zibilak isuna jarri zion duela bi aste Ertzaintzaren buru bati konfinamendua hausteagatik. Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, Sestaoko ertzain etxeko poliziaburu bat da, eta Castro-Urdialesen (Kantabria, Espainia) geratu zuten, bajan zegoela auto ofizialarekin. Espedientea ireki diote, Segurtasun Sailak Eferi azaldu dionez. El Correo egunkariak gaur argitaratu duenez, ertzainburuak argudiatu zuen Castro duela bizileku, baina ez dago han erroldatuta.

Gertakari honek Jon Sanchez Eusko Jaurlaritzako Larrialdi zuzendariarekin gertatutakoa ekarri du gogora. Hori ere Castron harrapatu zuten apirilaren 21ean, alarma egoeran. Argudiatu zuen koronabirusa ote zuen jakiteko testaren emaitzaren zain zegoela, eta horregatik joan zela bigarren etxebizitzara. Eskandaluaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuen.

Ertzaintzak 120.000 pertsona identifikatu ditu

Bi hilabete pasatu dira Hego Euskal Herrian alarma egoera ezarri zenetik, eta denbora horretan Ertzaintzak 120.000 pertsona inguru identifikatu ditu. Europa Press albiste agentziak ostegunera arteko datuak bildu ditu, eta, zehazki, 119.818 pertsona identifikatu dituzte. 26.092 salaketa jarri ditu Ertzaintzak, 419 pertsona atxilotu ditu, eta 171.452 ibilgailu geratu ditu.

Maiatzean, Bizkaian izan da atxiloketa gehien: 279. Gipuzkoan 83 izan dira, eta Araban, 57. Ertzaintzak egin ditu 314 atxiloketa, eta udaltzainek 105.

Alarma egoera ezarri zuen dekretuari desobeditzeagatik 5.412 prozesu abiatu dituzte. Horietatik 5.007 bideratuta edo jakinarazita daude. 198 helegite aurkeztu dira, eta 747 isun dagoeneko ordainduta daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.