Maiatzaren 14a eta 15a egun nahasiak izan dira Osasun Sailean, eta oraindik inork ez du argi esplikatu zer gertatu den. Batetik, koronabirusaren intzidentziari buruzko datuak emateko modua aldatu egin du Jaurlaritzak; bestetik, sailaren barruan datuen eguneraketaren inguruan aritzen direnekin gorabeherak izan direla zabaldu dute hedabide batzuek. Nekane Murgak ostegunean aitortu zuen lantaldea berritu egin dutela, eta eskerrak eman zizkien orain arte lan horretan aritu direnei, baina xehetasun gehiago eman gabe.
Datuen moldaketa maiatzaren 14an gertatu zen, ostegunean. Jaurlaritzak goitik behera aldatu zituen datuen taulak, eta ordura arte emandako datu batzuk emateari utzi zion; adibidez, herriz herriko eta osasun eremuen araberako datuak. Maiatzaren 15ean, ostiralarekin, sistema berri bat abiatu zuen datuak emateko. Orain bi agiri banatzen ditu: batean, datu epidemiologikoak ematen ditu —lehengo txosten bera da, baina datu gutxiagorekin, edo aldaketekin—; bestean, egoera asistentziala aztertzen du.
Txosten epidemiologiko horretan, agertzen da orain arte zenbat pertsona hil diren koronabirusaren eraginez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —1.466 maiatzaren 17 arte—. Baina txosten osoan ez dago hildako horiei jarraipena egiteko heldulekurik. Ez daude egunez egun desglosatuta, eta herrialdez herrialde ere ez —orain arte bai eman izan ditu datu horiek—.
Datu serie hori ikusteko, txosten asistentzialera jo behar da. Baina txosten horretan, ospitaleetako datuak bakarrik jasotzen hasi da Osasun Saila. Alegia, zahar etxeetan edo eremu pribatukoak diren ospitaleetan hildakoen datu serierik ez dago. Eta hor dago arazoa koronabirusaren heriotzen jarraipen xehea egiteko: ospitaleetan hildakoen datua bakarrik ari desglosatzen Jaurlaritza, eta horietan 876 gaixo hil dira. Alegia, 600 bat hildakoren datu serieak desagertu dira datu serieetatik —nahiz eta txosten epidemiologikoan zenbaki totala bai agertzen den, orain ezin da jakin noiz eta zein herrialdetan gertatu diren heriotza horiek—.
Argitu gabeko galdera da ea Osasun Sailak maiatzaren 14tik aurrera ematen duen hildakoen kopuruan ospitale publikoetatik aparte hildakoen datua eguneratzen ari ote den edo ez.
Baina ez dira hor bukatzen gorabeherak. Maiatzaren 14az geroztik, bi datu diferente ematen ari da Osasun Saila hildakoentzat, eta ez datoz bat. Maiatzaren 15ean gaixo bat hil zen txosten epidemiologikoaren (TE) eta bi txosten asistentzialararen (TA) arabera. Maiatzaren 16an, lau TEren arabera; hiru, TAren arabera. Maiatzaren 17an, zazpi bi txostenetan; maiatzaren 18an, bat TEren arabera; bi TAren arabera.
Batuketak eginez gero, maiatzaren 15etik 18ra, TEren arabera hamahiru gaixo hil dira; TAren arabera, hamabi. Aldea askoz handiagoa da maiatzaren 14ko datua aintzat hartuz gero: egun hartako TAk hildako bakarra jaso zuen, baina Osasun Sailak, bere eguneroko agerraldian eta prentsa oharrean hamabi hildako aipatu zituen. TErik ez zuten argitaratu egun hartan.
Ez dira hor bukatzen gorabeherak, orain ematen ari diren datu serieak berak ere batuketan akats bat baitu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hildakoen datu serie bakarra, momentu honetan, TAk ematen du. Horren arabera, 876 gaixo hil dira hiru probintzia horietan. Baina datu serieko batuketa egiten bada, 855 hildako ematen ditu. Alegia, datu seriea berari ere 22 hildako faltatzen edo sobratzen zaizkio.
Ospitaleratuen datuak
Beste datu serie batzuetan ere sentitu da Jaurlaritzak maiatzaren 14an egindako aldaketa. Orain arte, ospitale guztietan zenbat gaixo zeuden egunez egun esplikatu izan du, baina, maiatzaren 14ko aldaketaz geroztik, datu serie hori ere desagertu egin da —dagoeneko ez da TEn agertzen—, eta orain ospitale publikoetan zenbat gaixo egon diren soilik azaltzen du —TAn dago datu serie berri hori—.
Horren eraginez, datu serieetan aldaketa esanguratsuak gertatu dira: apiril hasieratik aurrera, nabarmen, guztira zentro guztietan ospitaleratuta egon diren gaixoak baino gutxiago agertzen dira Jaurlaritzaren datu serie berrian.
Orain arte herriz herri eta osasun eremuen arabera eman dituen datuetan ere aldaketak egin ditu Jaurlaritzak. Maiatzaren 14 arte datu bakarra eman du: zenbat kasu positibo antzeman diren herri eta osasun eremu bakoitzean. Ostegunaz geroztik, antzemandako kasu berriak ematen hasi da, totala eman gabe.
Madrilen eskakizunak
Osasuna Sailaren barruan zer gertatu den argitzerik ez badago ere, bada aldaketa hau eragin duen faktore bat: Espainiako Gobernuak zehaztutako aurreneko arintze fasera igarotzeko, pandemiaren bilakaera eta momentuan momentuko egoera nolakoa den argi jarraitzea beharrezkoa da. Horrek eskatzen du adierazle sorta definitzea —zer datu erabiliko dira adierazle gisa—, eta horiek neurtzeko modua zehaztea.
Datuen epea ere eguneratu behar izan dute. Orain arte, 20:00etatik 20:00etara bildutako datuak eman izan ditu Jaurlaritzak. Orain, Madrilen eskariz, datuak eguneratu egin behar izan ditu, egun bakoitzean 00:00tik 00:00ra, zenbat kasu egon diren zehazteko. Horrek Osasun Sailari eskatu dio datu serie guztiak eguneratzea.
Eskakizun horri erantzuteko egin ditu Jaurlaritzak aldaketak, eta txosten asistentziala sortzeak horri jarraitzen dio. Osasun eremu publikoko zentroen egoera —oheak eta zainketa intentsiboetako unitateen egoera— egunero-egunero zein den zehazteko egin ditu Osasun Sailak aldaketak, bistan denez. Baina beste osasun zerbitzu batzuk eta medikalizatutako guneen jarraipena estatistika horietatik kanpo utzi ditu —oraingoz, behintzat—. Eta pandemiaren bilakaera jarraitzeko erabilgarriak ziren beste datu serie batzuk kendu egin ditu momentuz —heriotza guztien egunez eguneko bilakaera, adibidez; ospitaleetan hildakoen datua soilik jarraitu liteke orain—. Ikusteko dago datozen egunetan aldaketa gehiago egingo dituen.
Jaurlaritzaren irizpideen neurrira
Edozein moduz, aldaketa estatistiko hori logikoa da Jaurlaritzak Espainiako Osasun Ministerioaren aurrean erabili dituen argudioak aintzat hartzen badira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa unitate bakar gisa tratatzeko eskariak ekarri du datu sorta batzuk desagertzea —adibidez, R0 adierazlea probintziaka emateari utzi egin dio azkeneko hamar egunetan—. Eta Jaurlaritzak, gainera, fase honetara igarotzeko argudio sendoena bere osasun sistema publikoaren gaitasunean eta sendotasunean oinarritu du, eta horrela uler liteke pandemiaren jarraipena egiteko adierazle nagusitzat osasun sistemaren egoerari buruzko datuak hartzea.
Osasun Sailak Madrili duela hamar egun aurkeztu zion txostenean ere ageri zen hori. Pandemiari eusteko adierazle nagusitzat sistema publikoaren egoera dauka Jaurlaritzak, eta, adibidez, kasu berriak antzemateko, horiei probak egiteko, kontaktuak antzemateko, eta bakartzeko planetan eta baliabideetan ez du hainbesteko indarra jarri oraingoz. Txosten hartan, herren agertzen ziren Jaurlaritzaren planak eta baliabideak arlo horretan, eta datuak moldatu dituenean, adierazle horiei ez die lekurik egin.
Ikusi beharko da Osasun Ministerioak datu hauek nahikotzat jotzen dituen. Gogoan hartzekoa da, duela hilabete inguru, Nafarroako Gobernuak bere estatistikak moldatu behar izan zituela, zahar etxeetan hildakoen datua ez zelako jasotzen ari bere datu publikoetan. Pentsatzekoa da, beraz, aurrerago datuak emateko moduan aldaketa gehiago egin beharko dituela Jaurlaritzak.
Nafarroaren gabeziak
Nafarroako Gobernua ere ez dago salbu, ordea. Zaintza epidemiologikorako institutuak txosten bat argitaratzen du astero, eta beti Nafarroako Gobernuak ematen dituenak baino hildako gehiago aipatzen ditu koronabirusarentzat. Azkeneko txostena aurreko astekoa du erakundeak, eta maiatzaren 3tik 10erako datuak aztertu zituen. Txosten horren arabera, maiatzaren 10ean 508 hildako zeuden Nafarroan. Gobernuak emandako maiatzaren 17ko datuetan, 503 hildako aipatzen zituen; astebete geroago, bost hildako gutxiago.
Datuen kudeaketari buruzko kritika urrunago eraman liteke. Espainiako Gobernuak eta Osasun Ministerioak adierazi zuten konfinamendua arintzeko faseetan aurrera egiteko, datuen jarraipen estua egingo zutela, eta datu horiek publiko egingo zituztela, gainera. Ia hamar egun joan dira arintzearen lehen fasea hasi zenetik, eta datu horiek ez daude inon. BERRIAk joan den astean galdetu zion horri buruz Osasun Ministerioari, eta erantzun hau jaso zuen: «Datuei buruz informatzeko modua egokitzen joango da, sistema berria egonkortu ahala».
Ulertzekoa da administrazioek esfortzu bat egin beharko dutela datu serieak berregiteko eta sistema bateratu berri batera egokitzeko, baina arintze faseak aurrera jarraitzen du, pandemiaren jarraipenerako daturik ia publiko egin gabe. Eta galdera eta hutsune nabarmenak daude datu publikoetan.
Falta diren datuak
Lehen arreta aipatzen da, etengabe, kasu berriak antzemateko, horiei PCR probak egiteko, gaixoak bakartzeko, haien kontaktuak aurkitzeko, probak egiteko, bakartzeko... baliabide ezinbesteko gisa. Baina lehen arretari buruzko daturik ez da inon argitaratzen. Erkidegoei kasu susmagarrien informazioa ere eskatu die Madrilek; uste izatekoa da, batez ere, lehen arretako zentroetan antzemango dituztela kasu horietatik gehienak. Baina ez dago horri buruzko daturik ere. Horietatik zenbati probak egin zaizkien ere galdetzen du ministerioak. Ez dago daturik. Zenbat kontaktu antzeman diren. Ez dago daturik.
Baliabideei buruz ere informatu beharko lukete administrazioek. Jaurlaritzak, duela ia bi aste —lehen fasera igarotzeko proposamena aurkeztu zuenean— jakinarazi zuen PCR probak bi astez egiteko baliabideak zituela. Joan dira bi aste. Berritu dira baliabide horiek? Ez dakigu.
Nafarroako egoera traketsagoa da. Gobernuak ez du publiko egin nahi izan duela bi aste Madrilera bidali zuen txostena.
Publikoak diren adierazle guztiek erakusten dute pandemiaren okerrena martxoaren bukaeran gertatu zela. Eta ondoren zahar etxeetan sarraskia egin duela koronabirusak, apirileko lehen hamabostaldian batez ere. Publiko diren datu guztiek adierazten dute geroztik izan den bilakaera onerakoa izan dela, eta pandemia neurri kontrolagarrietan dagoela momentu honetan.
Baina administrazioek ematen dituzten —eta ematen ez dituzten— datuekin ezin da jakin zein den egoera zehatza.
Eta horrela, berez, ezin dira erabakiak hartu. Eta ezin da ezer fiskalizatu. Eta okerrena dena, bi joera kontrajarri eta kezkagarri sustatzen ditu jokabide horrek: fede itsua indartu batzuei, eta errezeloak ugaritu beste batzuei.