Bertan beheiti utzi dituzte Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak

Jairik ez, baina kultura ekitaldiak antolatuko dituzte hiru hirietan udan. Sanferminak bertan beheiti utzi zituen Iruñeko Udalak apirilean. Baionako besten inguruan, ordea, ez dago oraindik erabaki ofizialik. 

Andra Mari Zuriaren jaien hasiera, iaz. JON RODRíGUEZ BILBAO
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 15a
12:20
Entzun

Hiru alkateek batera hartu dute Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaiak bertan behera uzteko erabakia. Alkateek nabarmendu dute egungo egoeran ezin direla bestak egin osasun eta higiene neurriak errespetatuta, eta, gainera, oroitarazi dute ezingo dela jendetzarik bildu. 

Bestarik ez, baina udan ekintza kulturalak antolatzeko konpromisoa adierazi dute hiru alkateek. BERRIAk jakin ahal izan duenez, Eudel EAEko udalen elkarteak atzo egindako bilera batean erabaki zuen kultur jardueretan kalean edo leku itxietan gehienez 250 lagun izatea, eserita beti, eta tokia gutxienez mila metro koadrokoa izanik.

«Aurten lehentasuna herritarren osasuna zaintzea eta birusaren transmisioa etetea da», adierazi du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bideo bidez. Jaietan milaka pertsona biltzen diren ekitaldi jendetsuak izaten direla nabarmendu du Urtaranek, eta horiek bertan beheiti utziko dituztela segurtasunagatik. Hala ere, ekitaldi batzuk «bertsio murriztuan» egingo dituztela nabarmendu du. Mezu bat ere bidali die herritarrei: «Pandemia gaindituta, 2021ean berriro ere ospatuko ditugu jaiak». 

[YouTube]https://youtu.be/7Ays7LOOxig[/YouTube]

Bilboko Konpartsak haserre

 Bilboko Konpartsek oharra atera dute arratsaldean. Jaiak bertan behera uztea erabaki tristea dela onartu dute, baina bereziki beren haserrea adierazi dute Bilboko Udalak albistea jakinarazteko erabili duen bideagatik. Konpartsek salatu dute aldebakarreko erabakia izan dela jaiak bertan beheiti uztea. «Zoritxarrez ikusi dugu, elkarlanean eta era horizontalean lan egin beharrean, politikariek eta instituzio arduradunek nahiago izan dutela erabakiak modu bertikalean hartzea, goitik behera, betidanik lanean gabiltzan eragileak kontsultatu eta informatu gabe, errealitatetik urrun» salatu dute. Konpartsek nabarmendu dute osasun krisia hasi zenean Jai Batzordea biltzeko eskatu zutela Aste Nagusiarekin zer egin erabakitzeko, baina nabarmendu dute egun oraindik bilera horren zain daudela. «Jaien inguruko eztabaidatik baztertu dituzte eta gaituzte jai herrikoiak antolatzen ditugun herritar eta auzotar guztiok», salatu dute.

«Dagoeneko lanean gabiltza aurtengo Aste Nagusiari ipinitako betoaren aurrean bilbotarrek eta bizkaitarrek duten ilusio- eta alaitasun-grinari erantzuteko», nabarmendu dute konpartsek. 

Baionan, zalantzan

Iruñeko udala izan zen bestak bertan beheiti utzi zituen lehen hiriburua. Udalak apirilaren 21ean hartu zuen erabakia, sanferminak eta pandemia «bateraezinak» direla iritzita. Orduko hartan, jardunean zen Ana Elizalde alkateak ez zuen baztertu ospakizun bereziren bat egitea uztailaren 7an, betiere osasun neurriak mantenduta.

Baionako bestei dagokienez, ordea, oraindik ez dute ofizialki erran bestak ospatuko dituzten edo ez. Hainbat hedabidek kaleratu zuten Baionako Udalak bestak bertan beheiti uztea erabaki zuela. Jean Rene Etxegarai auzapezak, ordea, ez zuen horrelakorik baieztatu, eta erabakia ekainean jakinaraziko zutela erran zuen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.